Lurralde antolamendua eta hizkuntzaren arteko harremana "lehen mailara" ekartzeko deia egin dute

Jardunaldiko parte hartzaileak
Foto: UEU
Actualizado: viernes, 17 enero 2014 13:45

DONOSTIA, 17 (EUROPA PRESS)

   Lurralde antolamendua eta hizkuntzaren arteko harremana "lehen mailara" ekartzeko beharra azpimarratu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAk, Kontseiluak eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatu duten "Hizkuntza eta Lurraldea. Lurraldea eta Hizkuntza" jardunaldian.

   Topaketa Donostian egin da, ostegunean eta ostiralean, eta lurralde antolamenduak eta hirigintzak hiztun komunitatearengan duen eragina aztertu dute parte hartu duten 200 bat lagunek. Euskal Herriko kasu batzuk ezagutzeaz gain, Aland Uharteak, Flandria eta Galeseko ordezkariak ere entzuteko aukera izan da bertan.

   Antolatzaileak pozik azaldu dira jardunaldiak sortarazi duen interesarekin eta konpromisoa hartu dute ELE (Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa) izeneko tresna definitzeko, bigarren jardunaldi batean aurkezteko.

   Jardunaldien lehen ondorioa izan da arnasguneak ez direla herri euskaldunak soilik, baina arnasguneen multzoan oso azpimultzo garrantzitsua direla, euskararen erabileraz eta hegemoniaz betetzen dituzten baldintza horiez gain, euskararen transmisioa edo sozializazioa modu bete-betean egiten dutelako, horrek kualitatiboki duen garrantziarekin.

   Hori dela eta, politika publiko guztietan "hizkuntzaren zeharlerrotasuna" kontuan hartzeko eskatu diete administrazio guztiei jardunaldiko antolatzaileek.

   Halaber, lurralde antolakuntza eta hirigintza ez direla neutroak eta berezko hizkuntzan eragin zuzena dutela ondorioztatu dute. Haien eragina ez da inoiz kontuan hartu Euskal Herrian, eta lurralde antolakuntzako araubideak ez dio arretarik jarri. Horregatik, eragin hori aztertzea proposatu dute, alde kuantitatibotik zein kualitatibotik.

HARREMANAK LANDU

   Gainera, Europako beste herrialde batzuetan gai honekin "aspalditik" daudela kezkatuta adierazi dute hau da, hirigintzaren eta hizkuntzaren arteko harremanarekin, eta beraz, beste herrialde horiekin harremana lantzea proposatu dute, eredu teoriko eta praktiko eragingarrien bila.

   Bestalde, antolatzaileek uste dute egungo ordenamendu juridikoak ez diola beharrezko arreta jarri izan hizkuntza eta lurraldearen arteko harremanari, eta batzuetan, gainera, aurrerapausuak eman nahi izan direnean, UEMAren kasuan, "auzitegiek oztopo juridikoak jarri dituzte". Hori dela eta, hizkuntza politika territorializatzea planteatu dute, alegia, lurraldetasun printzipioari begira jartzea.

   Jardunalditik atera den beste erronka bat gaia Euskal Herriko politikaren agendan sartzea izan da, gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lurralde antolakuntzako tresnetan kontuan har dadin.

   Halaber, gaia sozializatu edo gizarteratu behar dela adierazi dute, jendea kontzientziatu eta jendearekin landu, arriskuez ohartaraziz, baina baita aukerez eta indargune posibleez ere.

   Azkenik, jardunaldiaren antolakuntzak eta batzorde akademikoak konpromisoa hartu dute ELE (Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa) izeneko tresna definitzeko, eta bigarren jardunaldi batzuetan aurkezteko.