Lurraldebusek Donostia eta Bilboko aireportua ordu erdian behin lotuko ditu, uztailaren 1etik aurrera

Informazio panelak jarri dituzte Donostiako geltokian
LURRALDEBUS
Actualizado: jueves, 22 junio 2017 17:29

DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)

Lurraldebus enpresa publikoak Donostiatik Bilboko aireportura duen zerbitzua zabalduko du uztailaren 1etik aurrera, ordu erdian behin autobusak jarrita. Horrela, urtean zehar dauden maiztasunak bikoiztu egingo dira, zerbitzu hori lanagatik eta oporrengatik bereziki uda garaian erabiltzen dutenen premiak asetzeko. Dagoeneko erreserba daitezke txartelak Pesa konpainiarekin harremanetan jarrita.

Marisol Garmendia Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko diputatuak zerbitzu berriaren premia azpimarratu du. "Uda opor garaia da eta pertsona askok baliatzen du Bilboko aireportutik bidaiatzeko. Donostiaren eta Loiuko aireportuaren artean autobus eskaintza on bat izatea herritarrei garraio publikoko zerbitzu eraginkor bat bermatzeko apustua da, eta ibilgailu pribatua ordezteko aukera bat, askok erabiltzen baitute aukera hoberik ez izateagatik. Orain badute aukera eroso eta kalitatekoa, ordutegi zabalagoak, euren premiei egokituak dituena. Horrixe erantzun nahi diogu udako zerbitzu honekin", azaldu du.

Urtean zehar, Lurraldebusek autobus bat du Bilboko aireportura, orduan behin. Bada, uztailean eta abuztuan, zerbitzua ordu erdian behin izango da bi noranzkoetan. Hain zuzen, autobusak ordu erdian behin izango dira Donostiako geltokitik 04:30etik 21:30era. Loiuko aireportutik ere irteerak ordu erdian behin izango dira, 06:15etik 23:45era. Aurrez erositako txartelaren bidez eskaria badago, autobusak geldialdi bat egingo du Zarautzen. Ordu erdian behin izaten den zerbitzuak harrera handia izan zuen joan den udan: uztailean %13,5eko hazkundea izan zuen, eta abuztuan, %10,4koa.

Garmendiak beste berritasun bat aipatu du linea horren erabiltzaileentzat. "Bilboko aireportuko terminalean txartelak banatzeko makina bat instalatu dugu, txartela banku txartelaren bidez erosteko, erabiltzailearentzat erosoagoa eta azkarragoa izan dadin. Hobekuntza garrantzitsua da, orain arte autobusaren gidariari zuzenean erosten baitzitzaion. Hortaz, txartel banatzaileak ibilgailuan sartzea azkartuko du", azaldu du.

INFORMAZIO PANELAK

Bestalde, Gipuzkoako autobusen hiriarteko garraio lineei buruzko informazio orokorra hobetzeko, Lurraldebusek, lehen aldiz, informazio panelak jarri ditu Donostiako autobus geltokian, bere autobusek estaltzen dituzten linea nagusien mapa batekin.

Garmendiak azaldu du Gipuzkoara autobusez iristen diren bisitariei eta turistei bereziki jakinarazi nahi dietela zer aukera eskaintzen dituen Lurraldebusek Gipuzkoa osoa bisitatzeko. Horrela, autobus geltokira hurbiltzen edo iristen direnek, aurrerantzean, Zumaiara, Getariara, Azpeitira, Zumarragara edo Oñatira joateko autobusez garraio publikoko zerbitzua dutela jakingo dute.

"111 autobus linea ditugu lurralde osoan zehar. Hortaz, Gipuzkoa ezagutu nahi duten turista eta pertsona guztiek Lurraldebusen egin dezakete eta ordutegiei eta ibilbideei buruzko informazioa jaso doako 900 300 320 arreta zerbitzuaren bidez", adierazi du.