Lurraldebuseko txartelak Kutxaren kutxazainetan kargatu ahal izango dira aurrerantzean

Actualizado: miércoles, 18 mayo 2011 15:56

DONOSTIA, 18 May. (EUROPA PRESS) -

Lurraldebuseko txartel bakarraren 213.550 erabiltzaileek leku gehiagotan kargatu ahal izango dituzte txartelak gaurtik, orain arteko 330 puntuetan ez ezik, Kutxaren 124 sukurtsaletako 153 kutxazainetan ere kargatu ahal iuzango dituztelako. Txartelak kargatzeko aukera berri honek "erosotasun handiagoa" emango die Lurraldebusen erabiltzaileei eta Hernaniko, Irungo, Donostiako eta Arrasateko autobusenei, ez baitute egon beharrik izango zerbitzu hori eskaintzen duten saltokien ordutegiaren mende, orain arte bezala.

Aukera berri hau gaur aurkeztu dute Arantza Tapia Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta Carlos Tamayo Kutxako zuzendari nagusiak, Donostiako Garibai kalean, Kutxaren egoitza nagusiko kutxazain batean egindako erakusketa praktiko batekin.

Tapiak "biziki" eskertu dio Kutxari txartel bakarraren erabiltzaileei zerbitzu berri hau eskaintzeko izan duen prestutasuna eta eman duen laguntza, "modu errazean eta erosoan lurralde osoan txartelak kargatzea ahalbideratzen baitu".

Diputatuak azpimarratu du txartela kargatzeko saltokiak egiten duten lana "bikaina" dela, eta aurrerantzean ere jarraituko duela, eta oraingo aukera hau gehitu egiten zaiola hari. "Saltoki horiek ezinbestekoak izan dira Lurraldebusen txartela arrakastaz martxan jartzeko eta zabaltzeko, eta beroriek jarraituko dute txartel bakarra eskatzeko erreferentzia puntu izaten", gaineratu du.

Bestalde, Tamayo kutxazainak eginkizun berrira egokitzeko Kutxak egindako ahaleginaz mintzatu da, eta esan du Lurraldebus txartelen kargatze sarean txertatzeak erakusten duela Kutxaren konpromisoa berrikuntzarekin eta, batez ere Gipuzkoaren eta gipuzkoarren garapen ekonomiko eta sozial iraunkorrarekin.

Erabiltzaileak erraz ezagutuko du zein kutxazainetan egin ahal izango duen kargatzea, txartela kontakturik gabe irakurri eta kargatuko duen irakurgailua izango baitute aukera hori ematen duten 153 kutxazainek. Irakurgailu honetan jarri beharko da txartela, kutxazainaren pantailak adierazten duen moduan. Hau, Kutxaren txartela sartu behar den artekaren azpian aurkitzen da.

Txartel bakarra kutxazainean kargatu nahi duenak, lehenengo Kutxako txartela edo beste finantza-etxeren batena sartu behar du, eta haren menuan Donostibus edo Lurraldebus aukera sakatu. Behin Lurraldebus hautatu eta gero, kutxazainak aukera emango dio, bai txartela kargatzeko eta bai txartelaren saldoa jakiteko. Horretarako, Lurraldebus txartela kutxazaineko irakurgailuan ipini behar da. Txartela kargatu ondoren, bi txartelak -Kutxakoa eta Lurraldebusekoa- jaso, eta eragiketaren agiria eskura egongo da.