Lurraldebusen autobusetan 2012an baino %3,26 bidaia gehiago egin ziren joan den urtean

Lurraldebuseko autobusa
Foto: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: viernes, 14 febrero 2014 14:41

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoarrek 21.115.999 bidaia egin zituzten 2013. urtean Lurraldebus zerbitzuaren herri arteko autobusetan, hau da, aurreko urtean baino 650.889 gehiago, %3,26ko hazkundea, alegia, Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek jakinarazi dutenez.

   Foru erakundeko arduradunentzat, 2013a "urte oso garrantzitsua izan da" Gipuzkoako garraio publikoan, Mugi sistema ezarri zelako martxoan, lurralde osorako tarifa, zonalde, garraio aldaketa eta deskontu politika bera ezarri zelako, baina horrez gain, herri arteko autobus zerbitzuak ere oso emaitza onak eman dituelako.

   Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapeko Lurraldebus zerbitzuko autobusen datuak aztertuta, argi ikusten da zerbitzuaren erabilerak gora egin duela nabarmen. Horrela, iaz 21.115.999 bidaia egin zituzten herritarrek herri arteko autobusetan, 2012an baino %3,26 gehiago, hau da, 650.889 bidaia gehiago.

   Ildo horretan, azpimarratzekoa da azken urteetan goranzko joera izan duela Lurraldebusek, eta goranzko joera horrek jarraitu egin duela 2013an. Beste igoera nabarmen bat gaueko zerbitzuetan izan da: 2013an gauez 385.815 bidaia egin zituzten herritarrek, 2012an baino %3,78 gehiago. Horrek esan nahi du, Lurraldebuseko autobus zerbitzua egon den gau bakoitzeko 1.000 auto partikularren erabilera saihestu dela.

   Lurraldebus edo Mugi txartelen erabilerari dagokionez, 100 bidaietatik 79 txartel horiekin ordaindu dira, 2012an baino %1 gehiago. Autobusen erabilera handieneko eguna urriaren 31a izan zen, egun horretan herritarrek 65.550 bidaia egin baitzituzten herri arteko autobusetan.

   Erabilera datuez haratago, 2013an Lurraldebusek beste lorpen batzuk izan ditu. Alde batetik, 2013ko uztailean Lurraldebuseko hainbat zerbitzu daramatzan Pesa enpresa ibilbide luzeko txartelak internet bidez saltzen hasi zen, eta horrek herritarrei abantaila handia ekarri die.

   Bestetik, azpimarratzekoa izan da Mugi sistema bateratua ezarri aurretik, 2013ko urtarriletik, Lurraldebus txartelaren erabiltzaileek Euskotrenen txartela erabiltzeko aukera izan dutela, ordainketa modu gisa.

   Horrez gain, hainbat zerbitzu berri jarri dira eta beste batzuetan hobekuntzak izan dira, esaterako, Tolosa-Villabona-Ospitaleak/Donostia; Azkoitia-Azpeitia-Zestoa; Astigarraga-Ospitaleak-Unibertsitatea eta Oñati-San Prudentzio.