M83 banda frantsesa, Bilbao BBK Live jaialdian

M83 Kobetamendin izango da
BILBAO BBK LIVE
Actualizado: martes, 24 noviembre 2015 13:39

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   M83 banda frantsesaren musika elektronikoa entzun ahal izango da Kobetamendin 2016ko uztailaren 7, 8 eta 9an ospatuko den Bilbao BBK Live jaialdiaren hamaikagarren edizioan, dagoeneko iragarrita dauden Pixies, Father John Misty eta Courntey Barnett taldeei gehituz. Gainera, astearte honetan jakin denez, jaialdi bilbotarra European Music Awards lehiaketako finalista izendatu dute, antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez.

   Anthony Gonzalez artista frantsesaren musika proiektua da M83, "ezinbesteko taldea gaur egungo elektronikan". Ambient eta shoegaze estiloko musika elektronikoa egiten du, eta 2003an "Dead Cities, Red Seas & Lost Ghosts" lehen lana argitaratu zuenetik, mundu osoan zaleak lortu ditu. 'Pitchfork' edo 'NME' bezalako hedabideek urteko album onena izendatu zuten, eta, hala, genero horretako ezinbesteko banda bihurtu zen.

   "Hurry Up, We're Dreaming" (2011) lana Grammy sarietako hautagaia izan zen Musika Alternatiboaren Album Onenaren kategorian, eta horrek komunikabide handien goraipamenak eragin zituen, taldeak sorrarazitako aurreikuspenak berretsiz.

   Gonzalezek, jakin minari esker, etengabeko bilakaera izan duen ibilbidea egin du, eta hainbat estiloren eragina jaso du, tartean rock instrumentalarena, elektronika esperimentalena edota dream pop musikarena.

   Artista frantsesak Los Angeles hiriko kultura bizitzaren eragin nabarmena jaso du, eta Justin Meldal-Johnsen profesionalarekin (Beck edo Air taldearen ekoizlea) eta Zola Jesus edo Brad Laner artistekin kolaboratu du.

   M83 bandak hainbat bira arrakastatsu egin ditu Europan eta Amerikako Estatu Batuetan, eta talde gonbidatu gisa jo du Depeche Mode eta Kings of Leon taldeekin. Horrez gain, filmetarako soinu bandak ere prestatu ditu, tartean "Oblivion" eta "Divergente" filmenak, eta Placebo, Daft Punk eta Bloc Party taldeen remixak ere egin ditu. Une honetan Anthony Gonzalez Los Angelesen dago, M83 bandak 2016an argitaratuko duen lan berria grabatzen.

   Azkenik, antolakuntzak gogorarazi du 90 euroko bonu eskaintza bat duela abenduaren 3ra arte (gehi sei euro gastuengatik). Kanpina duen bonuak 100 euroko prezioa du (gehi sei euro gastuengatik).