Madeleine Peyroux estatubatuarrak kontzertua emango du maiatzaren 19an Bilbon, "365 Bilbao Jazz" zikloaren baitan

Madeleine Peyroux Bilbon Izango Da Maiatzaren 19An
BILBAO 700 FUNDAZIOA
Actualizado: martes, 10 mayo 2011 15:05

BILBO, 10 May. (EUROPA PRESS) -

Bilbao 700 Fundazioak antolatzen duen "365 Bilbao Jazz" kontzertuen zikloak Madeleine Peyroux estatubatuarraren kontzertuarekin esango du agur uda ostera arte. Hainbesterako ikusmina izan denez, aurretiko salmentako sarrerak orain hilabete batzuk jadanik agortu ziren, eta horrela, maiatzaren 19an Bilboko Elkarte Filarmonikoa guztiz beteko da, bere ahots eta letren antzekotasunengatik "Billie Holiday berria" bezala definitua izan denaren musika eta ahotsaz gozatzeko.

Antolatzaileek adierazi dutenez, Madeleine Peyroux-en ahots-estiloak hotza izatera jotzen du eta "kamusada edo desengainura" jolasten du, baina zalantzarik gabe bere nortasun nahastezinaren beste ezaugarri bat gehiago da eta ez du eragozten bere emari sentimentala.

Peyroux eta Larry Klein produktorea bikotea dira, eta bere azken hiru diskoak harekin grabatu ditu Rounder zigilurako, eta bere bizitza New York, Kalifornia eta Paris artean egiten du.

"Bare Bones" bere azken lanetik bi urte igaro eta gero, Madeleine Peyroux-ek ekainean argitaratuko du disko berria: "Standin'on the Rooftop". Craig Street produktore ezagunak ekoiztu du, Norah Jones, K.D. Lang eta Cassandra Wilson bezalako artistekin lan egin duenak. Folk malenkoniatsuko itxurako bertsio bat dakar diskoak, Beatles taldearen "Martha My Dear", alegia.

Madeleine Peyroux 1973an jaio zen Georgian (AEB), eta Brooklyn, Hego Kalifornia eta Paris artean hazi zen, azken hiri honetan kantatzen hasi zelarik, auzo latindarrean jotzen ohi zuten kaleko zenbait talderekin batera. Geroago, Lost Wandering Blues & Jazz Band-eko kide izanda, hainbat urtez Europatik jotzen egon zen. Berriro AEBetara itzulita, 1996an egin zuen debuta "Dreamland" lanarekin; 200.000 kopia baino gehiago saldu zituen diskoak eta ospera eraman zuen.

Orduan desagertu egin zen Peyroux, eta ez zen berari buruz berriro ezer jakin zortzi urte beranduago arte, 2004an "Careless Love" bere bigarren lana argitaratu zuenean. Ospe gehiago lortu zuen, eta kritikaren faboritoetako bat bezala berretsi zuen. Urte horretan ere dendetara heldu zen "Got You On My Mind", William Galison-ekin batera eginda abestia. 2006koa da "Half The Perfect World" hirugarren diskoa, eta 2009ko martxoan argitaratu zuen orain arteko bere azken lana: "Bare Bones".

Madeleine Peyroux lehenengo aldiz ariko da Bilbon, eta kontzertua arratsaldeko 20:00etan hasiko da, maiatzaren 19an, Elkarte Filarmonikoan. Peyroux-ekin batera, Barak Mori (kontrabaxua), Darrren Beckett (bateria), Gary Versace (pianoa) eta Jon Herrington (gitarra) izango dira oholtza gainean.

"365 Bilbao Jazz" zikloa urrian itzuliko da Bizkaiko hiriburura, eta Stacey Kent, Belmondo anaiak eta Michael Mossman eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa (BOS) izango dira protagonistak, besteak beste.