Madrilen euskarari gorazarre egiteko jardunaldi batzuk aurkeztuko dira asteazkenean

Actualizado: lunes, 27 febrero 2012 15:15
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

   Etxepare Euskal Institutuak, Euskaltzaindiak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak "Euskarari gorazarre / El euskera, una lengua con futuro" izeneko jardunaldiak egingo dituzte Madrilen, martxoaren 13tik 15era bitartean, eta aurkezpena asteazken honetan, otsailaren 29an, izango da, Eusko Jaurlaritzaren Madrilgo ordezkaritzan.

   Jardueren helburua Madrilen euskarari gorazarre egitea da, azken urteotan euskalgintzan eman diren aurrerapausoak nabarmenduz, etorkizun handiko hizkuntza dela erakutsiz eta hizkuntzalaritzan eta literaturan goi-mailako emaitzak ematen ari dela adieraziz, Etxepare Institututik iragarri dutenez.

   Programan, sorkuntza hutsarekin eta sortzaileek horretaz egiten duten hausnarketarekin lotutako ekitaldiak izango dira, bai eta hizkuntzalaritzan eta hizkuntza politikan gaurko errealitatea zer den erakutsiko dutenak ere, zenbait argitalpen aurkeztuz.

   Bestalde, Etxepare Euskal Institutuak bere burua aurkeztuko du Madrilen, martxoaren 16an, Institutuak berak ekoitzitako "AT!" ikuskizunaren bertsio gaurkotua eskainiz.

   Eusko Jaurlaritzaren Madrilgo ordezkari Irune Agirrezabalek aurkeztuko ditu prentsaurrekoan parte hartuko duten erakundeen arduradunak, hots, Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Andres Urrutia euskaltzainburua, Carlos Maria Hernandez Euskalerriko Adiskideen Elkarteko ordezkaria, Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko euskararen sustapen eta hedapenerako zuzendaria, Xabier Kintana Euskaltzaindiako idazkaria eta Jose Ramon Montejo Euskalerriko Adiskideen Elkarteko zuzendaritza-batzordekidea. Prentsaurrekoa asteazkenean izango da, 11:30ean, Eusko Jaurlaritzaren Madrilgo ordezkaritza.