Magia Topaketak ospatuko dira Txurdinagan eta Otxarkoagan (Bilbo) maiatzaren 26tik 29ra

Dani D'Ortizek inauguratuko ditu Magia Topaketak Bilbon
BILBOKO UDALA
Actualizado: martes, 24 mayo 2011 14:57

BILBO, 24 May. (EUROPA PRESS) -

Txurdinaga eta Otxarkoaga auzo bilbotarrak Magia Topaketen zazpigarren edizioaren agertoki izango dira maiatzaren 26tik 29ra bitartean, eta kaleko ilusionismoan adituak diren zortzi artisten partaidetza izango dute, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez.

Aurtengo berrikuntza nagusia, Otxarkoagako Ugarte plaza ere kaleko zirkuituan sartu izana da. Txurdinagan dauden aire zabaleko beste hiru eszenatokiei gehituko zaie, hots, Garai Lorategiak, Arbidea eta Ilargi erdia plazei. Horrez gain, programak nazioartean ospe handia duten magoak hurbilduko ditu Bilbora, hala nola Brando argentinarra eta umeei zuzendutako magian erreferente nagusietakoa den Kayto madrildarra.

Inaugurazio ekitaldia -leku itxian burutuko den bakarra- maiatzaren 26an izango da, arratsaldeko 19:30etan, Otxarkoagako Udaltegian, Dani D'Ortizen ikuskizunaren Euskadiko estreinaldiarekin. Dani D'Ortiz 'hurbileko magia' izenez ezagutzen den magia motako hoberenetakoa da nazioarte mailan, bere ikuskizuna jendearengandik hurbil, aurrez-aurre egiten du, eta ikus-entzuleek berarekin elkarreragiten dute. Sarrera librea izango da, aretoko leku guztiak bete arte.

Oraingan, magiarekiko hitzorduan honako ilusionista hauek hartuko dute parte: Txagumagu, Brando, Circus, Miguelillo, Mago Sun, Kayto, Dani D'Ortiz eta, lehen aldiz, emakume mago bat, Silvana argentinarra. Ikuskizunak eszenatokietan txandakatuz joango dira, goizez eta arratsaldez, plaza horietan jende gehien egoten den orduekin bat etorriz.

Programa maiatzaren 26an hasiko da, arratsaldeko 19:30etan, Otxarkoagako Udaltegian burutuko den inaugurazio ekitaldiarekin, eta hilaren 27ko arratsaldean hasiko dira kaleko ikuskizunak. Lehenengo txandan Silvanak (Garai Lorategien plazan), Brandok (Ugarte plazan) eta Txagumaguk (Ilargi erdiaren plazan, Julian Gaiarre kalean) hartuko dute parte.

Maiatzaren 28an izango da ikuskizun gehien, aire zabaleko lau eszenatokietan, hiru saiotan, 13:00etan, 18:30etan eta 19:30etan. Maiatzaren 29an izango da VII. Magia Topaketen amaiera, arratsaldeko 13:00etan; ordu horretan Circus izango da Garai Lorategien plazan, Txagumagu Ugarte plazan eta Miguelillo Ilargi erdiaren plazan (Julian Gaiarre kalean).

Gainera, eta ohikoa denez, Magia Topaketekin bat etorriz, bi magia ikastaro antolatu dira, bat hastapenekoa eta bestea hobekuntzakoa. Hastapeneko ikastaroa maiatzaren 9tik 18ra bitartean egin da, eta hobekuntzakoa martxan dago une honetan eta ekainaren 1ean amaituko da. Beste urte batez, apirilaren hasieran iragarri ziren bi ikastaroetarako leku guztiak bete egin dira.