Mar de Plata zinemaldiko programatzaile Cecilia Barrionuevo Argentinako "beste zineari" buruz mintzatuko da EHUn

Barrionuevok emango duen ikastaroaren kartela
EHU
Actualizado: martes, 12 febrero 2013 12:40

BILBO, 12 Feb. (EUROPA PRESS) -

Mar de Plata (Argentina) zinemaldiaren Estados Alterados deritzon atala antolatzen dabilen Cecilia Barrionuevok ikastaro magistral bat emango du asteazken honetan, otsailaren 13an, goizeko 10:00etatik, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko auditoriumean, Leioan (Bizkaia). "Camada o Desmadre. Una visión sobre el otro cine argentino" izenburuko ikastaroa Argentinako dokumental garaikideei buruzkoa izango da.

Cecilia Barrionuevok Estados Alterados izeneko atala koordinatzen du 2010. urtetik Mar de Plata zinemaldian. Iaz, España Alterada atala antolatu zuen, eta bertan, Víctor Iriarte, Virginia García del Pino, Elías León Siminiani, Alejandro Alvarado eta Concha Barquero zuzendariak izan ziren. Gainera, "Territorios y Fronteras. Experiencias Documentales Contemporáneas" (UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua, 2012) liburua bertan aurkeztu zen.

EHUk jakinarazi duenez, orain, Cecilia Barrionuevok Ozeano Atlantikoa zeharkatu du galdera batzuei erantzuteko, besteak beste, bestelako zinema argentinarrik ote dagoen eta nolakoa den; zer den han gertatzen ari dena; edota zeintzuk diren Argentinako underground aretoetan arauetatik kanpo pantailaratutako filmak.