Maria Cristina zubia hilabetez itxita egongo da, Donostian, autobus geltokiko obrak direla eta

Actualizado: jueves, 16 julio 2015 14:23

DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

   Donostiako Udalak Maria Cristina zubia itxiko du hilabetez uztailaren 21etik, Atotxako autobus geltokia egiteko obrak direla eta. Horrela jakinarazi du ostegun honetan Hiri Proiektuetako zinegotzi Enrique Ramosek, eta geltokiko azpiegituran eta Egiara doan oinezkoen pasabidean "lan garrantzitsuak" egin behar dituztela nabarmendu du.

   "Obrak hastean, Udalak behin behineko egitura bat jarri zuen, trafikoa zubiaren mendebaldeko muturretik bideratzeko. Laster amaituko dute geltokia itxiko duen goiko lauza, eta, beraz, kendu egin behar da behin behineko egitura, 200 bat metro koadrokoa, eta behin betikoa egin", azaldu du.

   Zubia itxita egongo den lehenengo astean, bota egingo dute behin behineko lauza, Frantzia pasealekutik zubira pasatzen utzi diona trafikoari, bai eta hari eusten dioten bi pantaila batatxeak ere. Gero, batatxeek utzitako hutsunea beteko dute, eta hormigoizko lauza bat jarriko dute tarte horretan.

   Bigarren astean, lauza iragazgaiztu eta babestuko dute, eta goiko lauza egingo dute; horren gainean joango da alde horretako urbanizazioa. Bi lauzen artean jarriko dituzte ura, saneamendua, elektrizitatea, telefonoa, argiteria eta abar.

   Maria Cristina zubia itxita egongo den hirugarren astean, hormatxoak egingo dituzte, goiko lauzan hormigoia zabalduko dute eta zerbitzu sareetako lineak botako dituzte. Laugarren astean, urbanizazioa bera egingo dute: zintarriak, kutxatilak eta bestelako elementuak jarriko dituzte, eta galtzadako seinaleak ere margotuko dituzte.

   Bestalde, Egiako oinezkoen pasabidea lerrokatzeko lanak egiten ari dira oraindik. Pasabide hori, Frantzia pasealekutik barrena, Nestor Basterretxea plaza berrira aterako da, Tabakalera eraikinaren etorkizuneko sarbidera. Lerrokadura hori lortzeko, joan den ekainaren 24az geroztik ari dira orain arteko egitura botatzen, eta gero bilbe berria egingo dute; obra hori abuztuaren 24an amaitzea espero da.