Martin Ugalde ikerketa bekak Martin Ugalde bera eta euskal kazetaritza izango ditu aztergai

Actualizado: martes, 13 enero 2015 17:23
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 13 (EUROPA PRESS)

   Martin Ugalde ikerketa beka antolatu du Martin Ugalde kultur parkeak, Berria, Elkar eta Jakin fundazioekin elkarlanean eta Andoaingo Udalaren laguntzarekin. Ikerketa bekak bi gairen gaineko ikerketak egiteko aukera emango du bi urtetik behin: Martin Ugalde bera ikertzeko aukera eta euskal kazetaritzaren gaineko ikerketak egiteko aukera.

   Aurkezpenean izan dira Iban Arregi (Berria), Joxemari Sors (Elkar), Joan Mari Torrealdai (Jakin) eta Joanmari Larrarte (Martin Ugalde kultur parkea). Ana Karrere Andoaingo alkatea ere ekitaldian izan da, eta Martin Ugalderen familiakoek ezin izan dute parte hartu, lan kontuengatik.

   Ekitaldian azaldu dutenez, 2015erako deialdiaren gaia "Martin Ugalde eta euskal kazetaritza" izango da. Beraz, Martin Ugaldek euskal kazetaritzarekin izandako harremana, egindako lana eta ekarpena aztertzea izango du helburu bekaren lehen deialdiak.

   Bekaren emaitza idatziko edo ikus-entzunezko euskarrian aurkezteko aukera izango da. Deialdira aurkezten denak argi adierazi beharko du zein euskarritan landuko duen emaitza, eta dokumentazioa horren arabera aurkeztu beharko du. Emaitza idatzizko euskarrian izango bada, lanak gutxienez 150 orrialde izan beharko ditu, eta ikus-entzunezkoa bada, lanak gutxienez 30 minutuko iraupena izan beharko du.

   Proiektuak aztertzean, besteak beste, testuaren kalitatea, informazioaren zehaztasuna, ikerketaren berritasuna edota iturrien aberastasuna izango dira kontuan.

   Banaka nahiz taldean aurkez litezke parte hartzaileak. Proiektu bakoitzaren egileak honako hauek aurkeztu beharko ditu, posta elektronikoz atxikitako dokumentuan: egilearen edo egileen curriculum laburra, orri banatan, egindako lanak aipatuz, baita harremanetan jartzeko helbide eta abarrak ere; egin nahi den lanaren azalpena, 4-6 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz; eta idazlanaren edo gidoiaren lagina, 15-20 orrialde bitartekoa.

   Proiektuak uztailaren 31ra arte bidal litezke beka@kulturparkea.eus helbidera. Bekaren deitzaileak diren eragileetako bakoitzak eta erakunde laguntzaileak izendatutako ordezkari banarekin osatuko da epaimahaia, eta www.kulturparkea.eus helbidean jakinaraziko da, lanak bidaltzeko epea amaitu aurretik, nork osatuko duen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.

   Epaimahaiak aholkua eman ahalko dio irabazleari, proiektua osatu eta hobetze aldera, eta irabazleak konpromisoa hartu beharko du aholku horiek aintzat hartzen saiatzeko. Era berean, deitzaileek prestutasuna adierazten dute eskura dituzten informazioak irabazlearen eskuetan jartzeko, ikerlana gauzatu ahal izateko. Bekaren irabazlearen berri azaroaren 11n jakinaraziko da, Martin Ugalde kultur parkean.

8.000 EURO

   Bekaren irabazleak 8.000 euro jasoko ditu lana egiteko. Bekako diru kopuruaren erdia izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan. Lanak 2016ko urriaren 8rako amaituta izan beharko du.

   Irabazleak, gehienez, izendapena jaso eta 11 hilabeteko epea izango du lan amaitua antolatzaileei helarazteko. Irabazleak lana entregatuko ez balu, edo haren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaskarragoak balira, jasotako dirua itzuli egin beharko luke.

   Diru laguntza jasotako lanaren jabetza egilearena izango da, eta egindako lanaren zabalkundea eta dibulgazioa helburu, Martin Ugalde kultur parkeak argitaratuko du idazlana edo ikus-entzunezkoa, gainerako deitzaileekin koedizioan, eta egile eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaikoek onespena ematen dutenetik sei hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta, bertan, bekaren aipamena egingo da nahitaez.

   Helburua dibulgazioa dela kontuan hartuta, lanaren tamainaren arabera, idatzizkoaren kasuan, deitzaileek erabaki ahal izango dute paperezko argitalpena, lan osoarena izan ordez, laburpen batena izan dadin paperean. Hori horrela egingo balitz ere, lan osoa modu digitalean gizarteratzeko konpromisoa hartuko da.

KULTUR PARKEAREN EGITEKOA

   Ikerketa bekaren aurkezpenean Joanmari Larrartek adierazi du Martin Ugalde kultur parkearen egitekoa eta asmoa ez dela soilik euskal kulturgintzarako azpiegitura egokia eskaintzea, eta euskal kultura eta euskalgintzaren sustapena direla egiteko nagusienak.

   Horrela, bere hitzetan, parkeak, besteak beste, ikerketa eta gogoetarako gune izatea du helburu eta horri begira antolatzen du Foroa eta horregatik erabaki du egitea beka deialdia.

   "Martin Ugalde hil zenetik hamar urte bete dira eta guretzat garrantzi handia du Martin izan zena eta Martinek egin zuena Euskal Herrian ezagutu dadin, bere lana balio handikoa izan baita", azpimarratu du.