Martxan da Parisko Expolangues azoka, euskara bertan dela Etxepare Institutuaren standarekin

Euskarari buruzko standa Expolangues azokan
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Actualizado: miércoles, 6 febrero 2013 15:00

BILBO, 6 Feb. (EUROPA PRESS) -

Europa mailako hizkuntzen azoka garrantzitsuenetakoa den Parisko Expolangues azoka hasi da asteazken honetan, eta Etxepare Euskal Institutuak euskarari buruzko argibidea eta baliabide ezberdinen berri emango duen stand bat jarri eta lau ekitaldi antolatu ditu. Horietako bi azokan bertan izango dira, eta beste biak, Sorbonne Nouvelle III Unibertsitatean eta Parisko Cervantes Institutuan.

Horrela, Etxepare Institutuak jakinarazi duenez, ostegunean, otsailaren 7an, "Bizitza zatiak: euskal literatura eta musika" literatura-irakurketak eta txistuaren doinuak uztartzen dituen emanaldia eskainiko dute Mariasun Landa idazleak eta Garikoitz Mendizabal musikariak; Sorbonne Nouvelle III Unibertsitatean izango da, arratsaldeko 17:00etan. Larunbatean, otsailaren 9an, ikuskizun bera emango dute Expolangues azokako Cloud aretoan, 13:30ean.

Halaber, Parisen Etxepare Euskal Institutuko euskara eta euskal kultura irakurle izandako Argitxu Camusek "Euskara: Europako hizkuntzarik zaharrena?" euskararen jatorriaren eta ezaugarrien inguruko hitzaldia emango du ostiralean, otsailaren 8an, 13:15ean, Expolangues azokako Buzz aretoan.

Azkenik, ostiralean baita, Mariasun Landak "Festa aldameneko gelan. Euskal ikasle baten autobiografia Parisen, 1968-1969" mintzaldia eskainiko du Parisko Cervantes Institutuan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.