Martxoak 3 elkarteak dio Arabako herri erakundeek aurkezturiko kereila "garrantzitsua eta eraginkorra" dela

Actualizado: jueves, 20 octubre 2016 12:27

GASTEIZ, 20 (EUROPA PRESS)

Martxoak 3 elkarteak modu positiboan baloratu du Arabako herri erakundeek 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako gertaerengatik aurkezturiko kereila kriminala, eta ekimen "garrantzitsua eta eraginkorra" dela azimarratu dute, "behingoz, Espainiar estatuko zigorgabetasun ereduarekin amaitzeko".

Arabako Batzar Nagusiek, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak kereila kriminala aurkeztu dute Gasteizko Justizia Jauregian, instrukzio epaitegiaren aurrean, 1976ko martxoaren 3an Arabako hiriburuan jazotako gertakariak direla eta. Polizia Armatuak bost lagun hil eta ehundik gora zauritu zituen egun horretan, langileen protesta batean.

Horrela, Martxoak 3 elkarteko ordezkariek oroimen historikoaren aldeko mugimenduek aurretik egindako lana baloratu dute Gasteizen egindako agerraldian, eta "urte luzeetako aldarrikapenak" egikaritu direla adierazi dute, hau da, "egia, justizia eta erreparazioa". Hala ere, ohartarazi dute "zigorgabetasun ereduak bere horretan" jarraitzen duela, eta "frankismoaren krimenak epaitu" behar direla, "ez baitira preskribatzen eta ezin baitira amnistiatu".

Halaber, tokiko mailan kereilak aurkezten jarraitzeko beharra defendatu dute, Argentinakoaren ildo berean. "Martxoak 3 estatu terrorismo kasua da. Nazioarteko giza eskubideen legedia errespetatu behar da, eta kereila hau oso garrantzitsua da bide horretan. Aurrera ateratzea espero dugu", adierazi dute.