Master eta graduondoetarako BBK Bekak eskatzeko epea irailaren 11n bukatuko da

Actualizado: jueves, 1 septiembre 2011 18:25

BILBO, 1 Sep. (EUROPA PRESS) -

BBK Fundazioak sortutako master eta graduondoetarako beka berrietan izena eman nahi duten guztiek irailaren 11ra arteko epea izango dute, Deustuko Unibertsitatean eta Eusskal Herriko Unibertsitatean (EHU) espezializazio-ikasketak egin ahal izateko. Master eta graduondoetarako beken lehen edizio honetan, BBK Fundazioak 60 beka eskainiko ditu guztira, eta kutxako bezeroentzat baino ez dira izango, BBKtik adierazi dutenez.

Diru-laguntzek ikasturte bakoitzeko gastuen azken prezioaren %60 estaliko dute gehienez ere, eta ordainketak bi fasetan egongo dira banatuta. Hartara, hasierako fasean, bekak gastuen %30 hartuko ditu bere gain, eta ikasleek masterra arrakastaz amaitu dutenean ordainduko da gainerako %30. Ikasturtearen amaieran ordainduko den zati hori eta bekak estaltzen ez duen gainerako %40 baldintza berezietan finantzatu ahal izango da, BBK-ko masterrerako maileguen bidez. Mailegu horiek zenbait erraztasun eta tasa berezi eskaintzen dizkiete espezializazio-ikasketak egin nahi dituztenei.

BBK Fundazioko beka berriak laneratzeko aukera onak eskaintzen dituzten 12 espezializaziotan banatuko dira, eta honako arlo hauekin dute zerikusia: finantzak, enpresen kudeaketa, zuzenbidea eta berrikuntza.

Beka gehienak Finantza eta Zuzendaritza Finantzarioko Masterrera joango dira, eta ondoren, honako master hauetara: Berrikuntza eta Jakintzaren Kudeaketa, Ikerketa Biomedikoa, Ingurumeneko Agrobiologia, Europako zein Nazioarteko Enpresetako Kudeaketa, Bussines Innovation, Nazioz Haraindiko Merkataritza eta Finantzak, Eraikuntza Iraunkorra eta Eraginkortasun Energetikoa, Nazioarteko Ekintza Humanitarioa, Nanoscience eta Ingurumeneko Ingeniaritza.

BBK-ko Masterrerako Bekak ikasle edo pertsona aktiboentzako bekak dira, betiere BBK-rekin lotura duten bezeroak badira. Laguntzen onuradunak aukeratzeko orduan, barne-epaimahaiak eskatzaileen bikaintasun akademikoa eta premia ekonomiko pertsonal edo familiarrak balioetsiko ditu. Eskabideak irailaren 11ra arte aurkeztu ahal izango dira, www.bbk.es/becas web-orrian ikusgai dagoen eskabide-orria bete ondoren.

Espezializaziorako laguntza berriak ez ezik, BBK Fundazioak urtero zenbait lanbide-arlotako gazte tituludunei beka moduan emandako 1.100etik gora lekuak ere hartu beharko dira kontuan. Lanaren arloan, BBK Fundazioarentzat lehentasunezkoa da prestakuntzaren zein enpresaren arloekin bete-betean lan egitea, espezializazioaren bidez kalitateko lanpostu egonkorrak sortzeko.

Ikasle eta ikertzaile gazteentzako laguntza BBK Fundazioak berrikuntza sozial, garapen eta kalitateko prestakuntzaren alde egiten duen apustu estrategikoaren barruan dago kokatuta. Horretarako, BBK Fundazioak enpresetan praktikaldia egiteko prestakuntza-programak eskaintzen ditu Eusko Jaurlaritza, enpresa-elkarte eta unibertsitateekin batera, eta laneratzeko indizea oso handia da.