Matematika Olinpiadaren lehen fasea egingo da ostiralean EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean

Ikasleak matematika tailerrean
EHU
Actualizado: jueves, 10 enero 2013 13:06

BILBO, 10 Ene. (EUROPA PRESS) -

Matematikaren Espainiako Errege Elkarteak antolatzen duen Matematika Olinpiadaren 49. edizioko lehenengo faseko (autonomia mailakoa) probak egingo dira ostiral honetan, urtarrilaren 11n, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateko hitzaldi aretoan, 9:30ean hasita, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika Ataleko irakasleen ordezkaritza baten laguntzarekin. Euskadiko unibertsitate barrutirako koordinatzailea Pedro Alegria irakaslea da, EHUk jakinarazi duenez.

Olinpiada honetan parte har dezakete 2012/2013 ikasturtean batxilergoan matrikulatuta dauden Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikasle guztiek, eta horrela, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 15 udalerritako 22 ikastetxetako 36 ikaslek eman dute izena dagoeneko.

Fase honek bi saio izango ditu, eta probak euskaraz edo gaztelaniaz egin ahal izango dira. Lehenengo saioa 9:30ean hasiko da, eta hiru problema ebatzi beharko dituzte gehienez hiru ordu eta erdiko denboran. Bigarren saioa 15:00etan hasiko da, eta beste hiru problema ebatzi beharko dituzte, hauek ere gehienez hiru ordu eta erdiko denboran. Probetan, marrazteko eta idazteko tresnak bakarrik erabil ditzakete ikasleek, eta debekatuta daude kalkulagailuak, liburuak, taulak eta bestelako dokumentuak.

Autonomia mailako faseko hiru irabazleek Matematika Olinpiadaren azken fasean parte hartuko dute. Lehenengo aldiz, azken fase hori EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika Atalak antolatuko du, Bilbon, apirilaren 4tik 7ra bitartean. Fase horretako lehenengo sei sailkatuek osatuko dute talde olinpikoa. Talde horrek uztailean Santa Martan (Kolonbia) egingo den 54. Nazioarteko Matematika Olinpiadan parte hartuko du, eta 2013ko irailean Panaman egingo den 28. Iberoamerikako Matematika Olinpiadan parte hartzeko hautagai izango da.

Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleek, ohi bezala, olinpiada prestatzeko matematika tailer bat antolatu dute ikasturte honetan, interesa duen ikasle orori zuzenduta. Urtez urte finkatzen ari da jarduera hau, eta ikasle askok matematikarako duten zaletasuna partekatzen dute tailer honetan erregulartasunez parte hartuz.