Materialen Zientzia eta Teknologia III. Biltzarra egingo du Leartiker zentroak uztailaren 5ean eta 6an

Actualizado: jueves, 30 junio 2016 17:29

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Markina-Xemeingo Leartiker zentro teknologikoak Materialen Zientzia eta Teknologiaren III. Biltzarra egingo du uztailaren 5ean eta 6an udalerri bizkaitarreko Esperanza eraikineko areto nagusian. 2012an Arrasaten antolatu zen lehen aldiz biltzar hau eta bi urte geroago Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Polymat institutuak antolatu zuen bigarren edizioa, Donostian.

Leartiker zentroko arduradunen arabera, materialen arloan sortzen ari diren aurrerapenek "eragin handia dute gure eguneroko bizitzan eta, halaber, produkzio sarean". Horrela, material berrien oihartzuna nabaritzen ez den eremurik ez dela existitzen azpimarratu dute, medikuntza, energia, garraioa, eraikuntza, elektronika edota oihalgintza bezalako arloak aipatuz.

Ildo honetan, Euskal Herrian materialen zientzia eta teknologia garatzen ari diren hainbat ingeniari, fisikari, kimikari eta biologo daudela nabarmendu dute, unibertsitate, zentro teknologiko eta enpresetan sakabanatuta.

Gainera, pertsona horien interesak, ikuspegiak eta lorpenak azaltzeko bi urterik behin antolatzen den biltzarraren beste berezitasun bat euskara hutsean egitea dela gogorarazi dute.

Horrela, uztailaren 5ean, goizeko 10.00etan hasiko dute biltzarra Leire Arriola Innobasque agentziako M-era.Net eta EEN proiektuen arduradunak eta Jose Javier Egurrola Leartikerreko Polimeroen Teknologiako zuzendariak.

Materialen zientzia eta teknologia ikertzen duten ia 70 profesionalek ekarpen ezberdinak egingo dituzte, ahozko saioen zein poster sesioen bitartez, bi egunetan zehar biltzarrean bilduko diren arlo honetan espezializatutako 100 pertsonentzako. Horrela, ekainaren 5ean materialen sintesia eta karaterizazioa, aplikazioak, erabilpen industrialak eta ingurumenaren inguruan arituko dira.

Hurrengo egunean, uztailaren 6an, goiz guztian zehar materialen propietate fisiko-kimiko eta teknikoak, eta prozesaketa, simulazioa eta modelizazioa landuko dituzte. Eguerdi aldera, eta biltzarra bukatzeko, itxiera ekitaldia Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak egingo du.