Mendi Film Festival eta Skimetraje elkarlanean hasi dira sortzaile eta zuzendari berrien talentuari bide emateko

Actualizado: domingo, 20 mayo 2018 14:21

BILBO, 20 May. (EUROPA PRESS) -

Bilbao Mendi Film Festival eta Skimetraje Play Pyrenees Pirinioetako eski eta snow jaialdia elkarlanean hasi dira, mendiko zinemagintzan ari diren sortzaile eta zuzendari berrien talentuari bide emateko helburuarekin. "Ospatzekoa den uztartzea da, mendiko kulturaren aldeko eginahalean eta lanean indartzen gaituena", adierazi dute jaialdien arduradunek.

Skimetraje jaialdiak zazpigarren edizioa egingo du aurten, azaroaren 14tik 17ra bitartean, eta Bilbao Mendi Film Festival jaialdiak, aldiz, hamaikagarrena, abenduaren 7tik 16ra bitartean.

Horrela, bi jaialdien arteko elkarlanaz baliatuz, mendiko zinemagintzaren inguruan ari diren sortzaile eta zuzendari berri eta gazteek "plaza egokia" izango dute beren lanak erakusteko, ikasten jarraitzeko, promozioa egiteko eta mendiko zinemagintzaren eta bereziki eski eta snow munduaren industriako eragile desberdinekin bilguneak bideratzeko.

"Haien jarduera ikustarazteko xedez tinko jarraituko dugu lanean bai Mendi Film Festivalek eta baita Skimetrajek ere, mendiaren inguruko zinemagileen komunitatea indartu dadin", ziurtatu dute.