Mendi Tour ekimenak Bilbao Mendi Film Festival jaialdiko lanak eramango ditu ostegunean Antzuolara

"Incognita Patagonia" Filmaren Irudia
BILBAO MENDI FILM FESTIVAL
Actualizado: miércoles, 29 marzo 2017 16:48

DONOSTIA, 29 Mar. (EUROPA PRESS) -

Mendi Tour ekimenak Bilbao Mendi Film Festival jaialdiaren filmarik onenez eta txalotuenez gozatzeko aukera emango du Antzuolan (Gipuzkoa) ostegunean, martxoaren 30ean. Zehazki, hiru film eskainiko dira: BMFF 2016ko Eskaladako Film Onena izan zen "Boys in the Bugs", Ikusleren Saria jaso zuen "Jean Troillet, toujours aventurier" eta jaialdian estreinatu zen "Incognita Patagonia" euskal lana.

Antzuolako Udalak eta Arrola Mendizale Elkarteak babestu dute jardunaldia, eta Bilbao Mendi Film Festival jaialdiaren eta Zineuskadi elkartearen laguntza du. Torresoroa aretoan izango da, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, eta sarrerak sei eurotan salduko dira leihatilan bertan.

Jaialdi bilbotarreko arduradunek gogoratu dutenez, mendia, abentura eta natura uztartzen dituen filmagintza du ardatz Bilbao Mendi Film Festival, eta Mendi Tour ekimenarekin "hiriz hiri eta herriz herri aurkezten da". Gainera, 2017 urte berezia da, jaialdiak hamargarren edizioa egingo baitu abenduaren 8tik 17ra.