Mercabilbaok 410.422 euroko irabazia izan zuen 2010ean, aurreko urtean baino %79,6 gehiago

Actualizado: lunes, 11 abril 2011 18:33

BILBO, 11 Abr. (EUROPA PRESS) -

Mercabilbaoren 2010eko ekitaldiko emaitza ekonomikoak 410.422 euroko onura ekarri zue, eta beraz, %79,6ko hobekuntza izan da 2009. urtearekin alderatuta. Sortutako baliabideei dagokienez, 'cash flow' delakoa 1.179 milioi eurora iritsi zen, eta horrek %15,67ko hobekuntza dakar aurreko ekitaldiarekin konparatuta.

Bestalde, ustiapenetik eratorritako diru-sarrerak 5.277 milioi eurokoak izan ziren iaz, alegia, 2009an baino %3,4 gehiago. Ustiaketako gastuak 4.989 milioi eurokoak izan ziren, hau da, 2009an baino %5,8 gutxiago. "Datuek berretsi dute aurreko urteetan hasitako sendotasun eta saneamenduko ibilbidea", Mercabilbaoko arduradunek prentsa ohar batean adierazi dutenez.

Halaber, Mercabilbaok 246.000 tona produktu baino gehiago merkaturatu zituen 2010. urtean, alegia, 2009an baino %0,73 gehiago. Azokak urte amaieran izandako okupazioa %100ekoa izan zen salmentan eta banaketan, eta %99,92koa kopuru osoari dagokionez, merkataritza-gunea barne.

Sektoreen arabera, arrainak %0,78 hobetu zuen aurreko zenbatekoa, frutekin eta barazkiekin gertatu den bezala; azken bi horiek %0,81 ziren. Balio anitzeko produktuek, berriz, esaterako, haragiak, arrautzak edo esnekiak, %0,77 egin zuten behera.

Mercabilbaok 2010. urtean ekintza berriak egitearen eta instalazioak eta zerbitzuak hobetzearen aldeko apustua egin zuen. Instalazioen prebentziozko mantenuari dagozkion ohiko planez gain, ekitaldi honetan, beste batzuk ere jorratu dira, esaterako: lan-arriskuen segurtasun eta prebentzioko eskakizunak, azokaren irudia suspertzea, eta baita energia elektrikoaren kontratu bat sinatzea ere.

Energia elektrikoaren kontratuari esker, energiari dagozkion kostuen batez besteko %12 aurreztu zen, aurreko urtean gastatutakoarekin konparatuta. Era berean, udan Mercabilbao, S.A. aseguruak kontratatzeko bitartekotzarako lizitazioa egin zen, eta gastuak %20 inguru jaitsi ziren, polizen datak bat egiteaz gain.

Bestalde, kontsumo arduratsua eta osasungarria sustatzeko helburuarekin, 2010ean fruta eta arrainaren zentzumen-tailerrekin jarraitu zen, eskola-haurrei eta interesatuta zeuden bestelako kolektiboei zuzenduta, Slow Food erakundearekin hitzartutako akordioaren bidez. Harekin, halaber, eta bere sukaldarien bidez, kolaborazio-akordioak garatzen dira atzerrian egindako merkataritza-bisitetan garatutako jardueretarako.

Udaberrian kalitateko publizitate kanpaina aurkeztu zen, eta euren produktuak egunero azokan erosten dituzten 500 bat establezimenduk harekin bat egin zuten. Gainera, 2010ean Deustuko Arraun Taldearekin babes-kontratua berritu zen, eta, lehenengo aldiz, fruta saskien lehiaketa bat antolatu zen Bilbon.

Era berean, azokaren ekintzak aurkezteko DVD bat argitaratu zen, eta enpresen artean banatu zen, euren ekintzak sustatzeko. Horiez guztiez gain, Merkatuen Munduko Batasunarekin (ANMAPE) batzordeetan eta hitzaldietan aktiboki parte hartu zen Mercabilbaok, bai eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Kooperatiben Federazioarekin ere. Mercabilbao Euskadiko Elikadura Klusterrean parte hartzen ere hasi da.

IRAUNKORTTASUNA

Iraunkortasunari dagokionez, 2010. urtean luminaria zaharrak estaldura handiagoa zuten eta gutxiago kontsumitzen zuten beste batzuengatik ordezkatzen hasi zen. Horiei esker, argi-gune gehiago instalatu ahal izan dira.

Horrez gain, gaikako edukiontziak instalatu ziren azokaren saltoki bakoitzean zaborra atez ate bildu ahal izateko, "Garbitrena" erabiliz. Hartara, zaborrak jatorritik gaika sailkatu ahal izango dira, garbiguneraino. Era horretan, zaborra errazago garraiatu ahal izan da baimendutako gune desberdinetara, horiek birziklatzeko edo balioa berriz emateko.

2010eko ekainean, Mercabilbaok "Zilarrezko Erratza" saria irabazi zuen Hirigintza eta Ingurumen Azokan, instalazioen garbiketarengatik eta sortutako hondakinaren kudeaketa iraunkorrarengatik. Hura izan zen lehiaketan parte hartzen zuen lehenengo merkatu nagusia.