Mercadonak Arabako patataren 236.000 kilo erosi ditu, aurreko kanpainan baino %96 gehiago

Arabako patata Mercadonan
MERCADONA
Actualizado: viernes, 19 mayo 2017 11:44

GASTEIZ, 19 (EUROPA PRESS)

Mercadona supermerkatu kateak Eusko Labeldun Arabako patataren 236.000 kilo erosi ditu kanpaina honetan, aurrekoan baino %96 gehiago. Arabako Udapa S. Coop. hornitzailearen patata saldu da Mercadonaren Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako supermerkatuetan 2016ko irailetik 2017ko apirilera bitartean, kanpainak iraun duen aldian, hain zuzen.

Horrela, Mercadonak eta bere bitarteko hornitzaileek Nekazaritzako Elikagaien Kate Jasangarria (CASPOPDONA) indartzen jarraitu zuten iaz, nekazaritzaren, arrantzaren eta abeltzaintzaren sektoreekin batera, lehen sektorea indartzeko eta haren balioa nabarmentzeko.

Euskadin, azken kanpainan, Arabako patataren 236.000 kilo baino gehiago erosteaz gain, arrain freskoaren 3.900 tona ere erosi ziren Bizkaiko zein Gipuzkoako kostaldean (legatza, hegaluzea, antxoa, sardina, txitxarroa, berdela, lirioa eta oilarra), bai eta 40.000 kilo kiwi baino gehiago ere.

Mercadonak jakinarazi duenez, harreman komertziala du Euskadiko 1.240 ETErekin, eta, 2016an, 370 milioi euroko erosketak egin zizkien euskal hornitzaileei, aurreko urtean baino %17 gehiago. Halaber, bere bitarteko hornitzaile fabrikatzaileekin batera, 66,6 milioi euro inbertitu zituen Euskadin.

MERCADONA EUSKADIN

Mercadonak Euskadiren aldeko "apustu irmoa" egin du. Horrela, dagoeneko 13 denda ditu (bost Gasteizen, hiru Bilbon eta bana Barakaldon, Basaurin, Eibarren, Irunen eta Oiartzunen), eta 691 langile, "denak kalitateko enplegu egonkorrarekin".

Halaber, bloke logistiko bat ari da eraikitzen Gasteizen 2015eko abuztutik, eta lehen fasea 2017an bukatzea aurreikusten du. 50 milioi euroko inbertsioa egin beharko da, eta 100 lanpostu baino gehiago sortuko ditu.

Gainera, Mercadonaren erantzukizun sozial korporatiboaren barruan, premiazko produktuen 166,8 tona eman ditu, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elikagaien bankuekin, Gasteizko Babesgabetuen Andra Mariaren gizarte jantokiarekin eta Bilboko eta Gasteizko Behartsuen Haurridetxoak kongregazioarekin duen lankidetzaren bidez.