Merkataritza dinamizatzeko teknika berrietan prestatutako 26 gaztek Jaurlaritzaren bekak jasoko dituzte

Actualizado: lunes, 14 diciembre 2015 13:00

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak 26 beka banatuko ditu merkataritza teknikari titulua duten beste horrenbeste gazteren artean asteartean, abenduaren 15ean, Bilboko Azkuna zentroan. Euskadiko elkarte, plataforma eta udaletan lanean jardungo dute gazteok 2016an, euskal merkataritza berritzeko baldintza onuragarriak sortzen. Zehazki, Bizkaiko 16 gunetan, Gipuzkoako zazpitan eta Arabako hirutan beteko dituzte zereginak.

   Merkataritza sektoreko profesionalak prestatzea da beken xedea: sektorearen egitura eta bilakaera ondo ezagutuko dituzten profesionalak, erabat dinamikoa eta etengabe eboluzioan den ingurune batean agertutako orori irekiak. Helburua da tokiko merkataritza babesteko tresnak eskaintzea, sektorearen profesionalizazioa bermatzeko moduan.

   Azkuna zentroan egingo den ekitaldian 2015eko Merkataritza Sariek parte hartuko dute: Itziar Olaizola (Ekobelargi enpresa) Merkataritza Lankidetzaren 2015eko Merkataritza Sariak, Teresa Busto Merkataritza Berrikuntzaren 2015eko Merkataritza Sariak, Txintxu San Martin (Zuloa Irudia) Hiri Inguruneak Dinamizatzeko 2015eko Merkataritza Sariak eta Eduardo Bizkarra (Bizkarra okindegi eta gozotegien sortzailea) Lan Ibilbidearen 2015eko Merkataritza Sariak. Guztiek beren ikuspegia eta eskarmentua eskainiko dute, bekadunekin egindako mahai inguru batean.

   Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Itziar Epalza Merkataritza eta Turismo sailburuordeak gogoraraziko du zein garrantzitsua den sektorea babesteko ekimen zehatzak egitea, eta etengabe berritzeko eta hobetzeko mezua helaraziko die etorkizuneko profesionalei.