Merkataritza saltokiak modernizatzeko programak 3,68 milioi banatuko ditu aurten

Comercio, tienda
EUROPA PRESS
Actualizado: martes, 1 marzo 2016 13:32

GASTEIZ, 1 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasun Sailak merkataritza saltokiak modernizatzeko laguntzen programa abiarazi du aurten ere, saltokien berrikuntza eta kudeaketa tresnen eta azpiegituren hobekuntza sustatzeko asmoz. Aurtengo aurrekontua 3.683.000 eurokoa da, iazkoa baino %7,3 handiagoa, eta xede horiek lortzeko laguntza lerroetara bideratuko da.

   Jaurlaritzako arduradunek iragarri dutenez, establezimenduen eta zerbitzuen erakartzeko ahalmena areagotzeko saltokiek behar dituzten inbertsioak estaltzen ditu laguntzak, balio erantsi gehien ematen dutenak, salbu eta lokalak eskuratzeko edota ibilgailuak erosteko direnak.

   Laguntzak itzuli beharrik gabekoak izango dira. Higiezineko inbertsioek, obra zibilek, ekipamenduek edo errotuluek %15eko diru laguntza jasoko dute, eta informatika ekipamenduek, aplikazioek eta horien osagarriek %20koa. Laguntzen onuradunak enpresa txiki eta ertainak (ETE) dira, haien oinarrizko jarduera, negozioaren bolumenaren arabera, merkataritza bada eta Euskadiko establezimenduetan inbertitzen badute.

   Laguntzak merkataritza jarduera garatzen duten enpresei zuzendutakoak dira, merkataritzatzat honako hau hartzen delarik: horretarako eskuratutako gaiak edo salgaiak merkaturatzea; edo ekoizle, artisau edo industrialariek egiten dituzten azken kontsumo ondasunak zuzenean saltzea, hirugarrenei eskainitako ekoizpen prozesuetarako, merkataritza prozesuetarako edo zerbitzuak eskaintzeko ondasunak kontuan hartu gabe.

   Ekarpenak handitu daitezke, baldin eta enpresak elkartu badira, kalitate ziurtagiriren bat lortu badute edo kudeaketa softwarea eskuratzeko inbertsioa egin badute, langileek merkataritza sektorearekin zerikusia duen titulu arauturen bat edo lanbide ziurtagiriren bat badute, enpresa emakumeen eta gizonen aukera berdintasunerako entitate laguntzaile gisa aitortu badute, edota enpresa-transmisioko programaren batean parte hartu badu. Inbertsioek 900 eurotik gorakoak izan behar dute informatika ekipamenduetan, edo 3.000 eurotik gorakoak gainontzekoetan.

   Interesdunek uztailaren 15era arteko epea dute eskaerak aurkezteko, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde ordezkaritzetan, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren (Zuzenean) bulegoetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako edozein tokitan.