Merkataritzan eta ostalaritzan euskara sustatzeko kanpaina abiarazi du Donostiako Udalak

Kanpaina aurkeztu duten eragileak
Foto: DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: lunes, 29 septiembre 2014 13:29
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 29 (EUROPA PRESS)

   Donostiako Udalak "Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz" proiektua jarri du abian, sektoreko eragile eta euskara elkarteekin batera, eta hiriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorean euskararen erabilera sustatzeko asmoz.

   Kanpainaren aurkezpenean Nerea Txapartegi Donostiako Udal Gobernuko Euskara arduradunak azaldu du esparru guztietan sustatu behar dela euskararen erabilera, "administrazioan, dendan, tabernan, jatetxean eta abarretan".

   "Bezeroak euskaraz ere artatuak izango direla bermatu nahi dugu, leku publiko zein pribatuetan, eta horregatik jarri dugu abian kanpaina hau, establezimenduak eranskailua jartzera, lehen hitza euskaraz egitera eta euskara erabiltzera animatu nahi ditugu, euskal hiztunen hizkuntza eskubideak bermatzea denon eskuetan baitago", azaldu du.

   Horrela ba, bezeroei euskaraz hitz egiteko aukera ematen dieten establezimenduak identifikatu egingo dira. Bezeroei arreta eskaintzen ari diren langileen erdiek edo gehiagok euskaraz ondo hitz egiteko gaitasuna duten establezimenduek parte har dezakete egitasmoan. Baldintza hau bete eta egitasmoan parte hartzeko interesa duten establezimenduek eranskailua jarriko dute, kalera begira (atean edo erakusleihoan) bezeroek hori ikustean bertan euskaraz egin dezaketela jakin dezaten. Era berean, lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute eta euskaraz egin nahi duen bezeroari aukera hori bermatuko diote.

   "Merkataritza eta ostalaritzan ere euskaraz" egitasmoaren aurretik, helburu bera zuen "Kaixo" izeneko proiektu pilotua jarri zen martxan 2013an hiriko hainbat kaletan. Egitasmo pilotu horri buruz hausnarketa sakona egin du 2014an Euskara Zerbitzuak sektoreko hainbat eragilerekin (Donostiako Sustapena, Donosti SShpos, Gipuzkoako Merkatarien Federazioa, Auzoa, Zaharrean eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea) eta euskararen alde lan egiten duten zenbait elkarterekin batera (Bagera, Batzen, Bizarrain, Plazara Goaz, Parte Zaharrean Bizi).

   Ondorio nagusi gisa, egitasmoaren helburua "onuragarritzat" jo da eta euskaraz zerbitzua emateko gaitasuna duten establezimenduak ikur bereizgarri baten bidez identifikatzea eragile guztiek "egoki" ikusi dute.

BISITAK

   Egitasmoaren berri emateko, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua bisitak egiten hasi da eta aurten Parte Zaharreko eta Intxaurrondoko establezimendu guztiak bisitatuko ditu. Horrez gain, "Kaixo" egitasmo pilotuan parte hartu zuten bederatzi kaleetako establezimenduak (Secundino Esnaola, Karmengo Andre Maria, Antso Jakituna, Madrid hiribidea, Garibai, Hondarribia, Urbieta, Matia eta Larratxo) ere bisitatuko dira, bai eta Bai Euskarari ziurtagiria dutenak ere.

   Bisita horietan, egitasmoaren xehetasunak jasota dituen gida metodologikoa banatzeaz gain, egitasmoan parte hartzeko baldintzak bete eta parte hartzeko asmoa dutenei identifikatzeko eranskailua emango zaie. Eranskailuaren lau aldaera daude aukeran: "tabernan ere euskaraz"; "jatetxean ere euskaraz"; "dendan ere euskaraz"; eta "hemen ere euskaraz". Horrez gain, establezimenduaren ordutegia jartzeko euskarria ere eskaini egingo zaie.

   2015. urteean hiriko beste auzo batzuetara zabalduko da egitasmoa, baina baldintzak betetzen dituen edozein establezimenduk aukera izango du egitasmoan parte hartzeko www.merkatari.net webgunearen bitartez eskaera eginez gero.

   Egitasmoan parte hartuko duten establezimenduak sustatu egingo dira. Horretarako, batetik, www.merkatari.net webgunean mapa interaktibo bat jarriko da establezimenduen datu eta kokalekuarekin, jendeak jakin dezan euskaraz non artatu dezaketen, eta bestetik, establezimenduak sustatzeko ekintza komunikatiboak, sare sozialak eta promozio kanpainak egitea aurreikusten da eta Udalaren eta sektoreko eragileen euskarri komunikatiboak ere erabiliko dira.

   Donostiako merkataritzaren bezero garrantzitsuenak donostiarrak eta gipuzkoarrak izanik (%71,9), eta kontuan hartuta haien euskararen ezagutza (donostiarren %40,6 euskalduna da eta %28,6 ia euskalduna, eta Gipuzkoarren %53,7 euskalduna da eta %22,7 ia euskalduna), euskaraz hitz egiteko eskaintza bermatuz gero, bezero euskaldunari zerbitzu hobea eskainiko zaio, eta negozioa errentagarriagoa izango da.