Metapostak enpresei zuzenduriko eta fakturazio elektronikoa egiteko bi zerbitzu berri abiarazi ditu

Actualizado: jueves, 29 enero 2015 12:40
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez bultzatzen duen Metaposta sozietateak postontzi seguruko zerbitzu berriak aktibatu ditu: Metabox, enpresentzat, eta Metafaktur, fakturazio elektronikoa egiteko.

   Metaposta kapital publiko-pribatuko ekimen bat da, eta posta elektronikoko eta kutxa gotorreko zerbitzua eskaintzen die lainoan euskal enpresa eta norbanakoei, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak gogorarazi duenez.

   Orain, Metapostak zerbitzu berriak diseinatu eta abiarazi ditu bere postontziaren esparruan. Metabox eta Metafaktur dira, segurtasuneko eta konfidentzialtasuneko berme guztiak eskaintzen dituzten bi tresna berri, alegia. "Urrats horrekin aurrera goaz Euskadi digitaleranzko bidean, eta aitzindari izango gara lainoko zerbitzu seguru horretan", adierazi du.

   Metaboxek postontzi bat eskaintzen du enpresa bakoitzarentzat. Enpresak alta eman diezaieke bere hartzaile guztiei modu global, erraz eta masiboan, eta hala, aukera dago modu seguru eta konfidentzialean bidali beharreko dokumentuak trukatzeko, dela enpresa barnean (langileen artean), dela kanpoan (bezero eta hornitzaileekin). Postontziak komunikazio segurua eta biltegi zerbitzua eskaintzen du, eta langile, bezero edo hornitzaile bakoitzaren postontzi partikularrean gordetzen ditu dokumentuak.

   Metaboxen xedea komunikazio pertsonal eta segurua bada, Metafaktur aplikazioak, berriz, fakturazio elektronikoko eta zaintza legaleko zerbitzuak ematen ditu. Metafakturren filosofia Metaboxen berbera da, baina, kasu honetan, alta ematen zaio fakturak trukatzen dituen kolektibo osoari, aukera emanez fakturak bidaltzeko eta enpresa, bezero edo hornitzaile bakoitzaren postontzi partikularrean modu seguru eta konfidentzialean gordetzeko.

HOBEKUNTZAK

   Beste alde batetik, "etengabeko hobekuntzak" egin dira eta Metapostak dituen 60.000 harpidetzei eragiten dieten zerbitzu berriak bultzatu dira. Zehazki, alde batetik, hainbat automatismo erantsi dira eta aukera dago erabiltzaileen artean karpetak partekatzeko eta sinkronizatzeko.

   Bestetik, azken urtean, Metapostak smartphone gailuetarako aplikazio moderno bat jarri du abian Android, Windows eta iOS sistema eragileentzat. Aplikazio horretatik web klasikoan egin daitezkeen ekintza guztiak egin daitezke eta dispositiboaren kamerarekin ateratako argazkiak ere zuzenean postontzira igo daitezke. Oso baliagarria da esaterako erosketa tiketak berme edo egiaztagiri gisa gordetzeko.

   Horrez gain, sinadura elektronikoaren erabilera hedatu ahala, enpresa arloko aukerak ere ugaritu egin dira, eta horrela, "zerbitzu honek mundu mailako eskaintza onenetako bat dauka".

   Halaber, jakinarazpen elektronikoak, jabetza industrial eta intelektualaren egiaztapenen tratamendua, bermeen kudeaketa eta dokumentuen zaintza legala (ezinbestekoa fakturazio elektronikorako), titulazioak edo prestakuntza-ziurtagiriak eta hainbat motatako kontratuak nabarmendu dituzte zerbitzuaren arduradunek.

   Funtzio berri horietan oinarriturik, Metaposta zerbitzuak "proiektu interesgarriak" abiarazi nahi ditu enpresa industrial handiekin, prestakuntza zentroekin, medikuntzaren inguruan mugitzen diren sozietateekin, teknologia parkeetako enpresekin, hainbat enpresa pribaturekin eta administrazioarekin -bere maila guztietan-.

   Horregatik, Metaposta puntan kokatuta dago safebox delako zerbitzuak eskaintzen dituzten nazioarteko enpresen artean, eta bere helburua da epe ertainean bere burua guztiz finantzatzea, zerbitzuak hobetuz eta erabiltzailearentzat dohainik izaten jarraituz.

60.000 HARPIDERZA

   Une honetan, Metaposta zerbitzuak 60.000 harpidetza eta 100 igorle baino gehiago ditu (Eusko Jaurlaritza, Kutxabank, Euskadiko Kutxa, EiTB, Osakidetza, Euskaltel, Iberdrola, Tecnalia eta abar), 3,5 milioi bidalketa egiten ditu (fakturak, kontratuak, osasun arloko dokumentazioa, aseguruak, dokumentazio akademikoa, mediku probak, testamenduak eta abar) eta 6,5 milioi dokumentu gordetzen ditu (%1,5 digitalki sinatuak eta denbora zigiluarekin).

   Urtebetez bere produktu eta zerbitzuak berregituratu eta egokitu ondoren (bai erabiltzaileentzako funtzioen arloan eta baita ere enpresei eskainitako zerbitzuetan), orain Metaposta hedapen prozesuan dago bete-betean.

   Metaposta informazioaren gizartearen garapenarekin konprometituta dauden erakunde publiko eta pribatuek partaidetutako sozietate bat da, eta proiektu bat garatzen eta inplementatzen ari da Euskadiko Agenda Digitala 2015 ekimenaren esparruan postontzi eta kutxa gotor elektronikoak sortzeko Interneten.

   Metapostak sistema informatiko bat ustiatzen eta kudeatzen du. Zerbitzuan interesatutako erakundeak konektatzen direnean, aukera ematen du informazioa modu seguru eta zertifikatuan bidaltzeko, eta erabiltzaileek Metapostaren sistemaren ingurunean sortutako Interneteko beren kontuetan jasotzen dute.

   Erabiltzaile bakoitzaren postontzi elektronikoan jaso eta artxibatu daiteke Metaposta sistemari atxikitako enpresa eta erakundeek bidalitako dokumentazio guztia.