Metro Bilbaok 450.000tik gora bidaia zenbatu ditu asteburuan

Urteko astebururik onena izan da Bilboko metroan
Foto: Europa Press
Actualizado: lunes, 1 junio 2015 16:59

BILBO, 1 (EUROPA PRESS)

   Metro Bilbaok 450.796 balioztapen zenbatu ditu guztira bukatu berri den asteburuan, larunbateko Kopako finala eta Triatloia, eta igandeko Ibilaldia eta Bilbao Athletic-Villanovense partida direla eta. Aurtengo astebururik onena izan da, beraz, "metroa herritarren aisialdi guneetara joateko hautatzen duten garraiobidea dela erakutsiz", bere arduradunek adierazi dutenez.

   Horrela, larunbatean, maiatzaren 30ean, Athleticek Kopa Finala jokatu zuen Bartzelonaren aurka. eta milaka zale bildu ziren San Mamesen eta hiri osoan zehar jarri ziren pantailen inguruetan, Camp Nouko partida zuzenean ikusteko. Partida amaitzean areagotu zen asteburu osoan etengabe aritzen den zerbitzua, eta larunbatean, guztira, 243.378 bidaia egin ziren. Geltokirik erabilienak futbol zelaitik gertuen daudenak izan ziren, hau da, San Mames (30.173 bidaia), Zazpi Kaleak (29.377) eta Indautxu (27.012).

   Era berean, igandean, maiatzaren 31n, Ibilaldiaren 37. edizioa ospatu zen Bizkaiko hiriburuan, eta Bilbao Athleticek partida jokatu zuen San Mamesen. Metro Bilbaok trenen maiztasuna areagotu zuen egun osoan zehar, eta guztira, 207.418 txartel balioztatu ziren bere geltokietan, jaiegun bateko aurtengo errekorra lortuz. Jende gehien Zazpi Kaleetan (19.736 bidaia), San Mamesen (13.062), Abandon (11.294) eta Santutxun (11.273) ibili zen.

   Arduradunek eskerrak helarazi dizkie erakutsitako portaera onarengatik asteburuan metroa erabili duten guztiei, arazo eta gorabehera aipagarririk izan ez delako.