Metro Bilbaok 87,1 milioi bidaia egin zituen 2013. urtean

Erabiltzaileak galdu ditu Bilboko metroak
Foto: Europa Press
Actualizado: jueves, 6 febrero 2014 14:22

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

   Metro Bilbaok 87.133.034 bidaia egin zituen 2013. urtean, hau da, 2012an baino %0,55 gutxiago. Datua mugikortasuna oro har jaitsi izanaren baitan kokatu du garraio konpainiak, garraio publikoaren erabilera %1,44 jaitsi baitzen iaz Bizkaian, 2012ren aldean, "krisi ekonomikoaren ondorioz, langabezia hazi eta kontsumoa murriztu direnez gero".

   Gainera, gogorarazi du 2012a bisurtea izan zela eta 2013an egun bat gutxiago zegoela zenbatzeko. "Metroa sendo dabil Bizkaiko garraioaren ardatz izaten, kuota apur bat hobetu baitu, herritarrek erabiltzen duten garraio publikoaren %52tik gora bereganatuta", adierazi dute Metro Bilbaoko arduradunek.

   Horrela, bidaiarien datua, hiriarteko trenaren arduradunek 2012ko martxoan konpainiaren aurrekontuak onartu zituztenean egindako aurreikuspenak baino apur bat (%0,36) gehiago izan da.

   Hori dela eta, bidaiarien azken kopuruak ez du eragin negatiborik izan hiriarteko trenaren kontuetan. Alde horretatik, Bilboko metroak %85,15eko estaldura indizearekin (diru sarrerak gastuen aldean) itxi zuen 2013.

   Gainera, sozietateak 1.050.000 euro gehitu zituen diru sarrerak, hasierako aurreikuspenak baino %2,04 eta 2012an baino %1,8 gehiagorekin, alegia. Gastuen atalean, hiriarteko trenak "nabarmen" aurreztea lortu zuen 2012aren aldean: 487.000 euro energian (%-5,88), 340.000 euro merkataritzako gastuetan (%-41,78%), 118.000 euro aholkularitzetan (%-18,79) eta 250.000 euro beste gastu arrunt batzuetan (%-14,81).

   Bestalde, metroko instalazio eta trenen mantentze eta zaintza lanetara bideratutako funtsak aurreko urtean baino 1.200.000 euro gehitu ziren 2013an, zehazki, %8,92. Era berean, garbiketa eta segurtasunera bideratutako gastuak 147.000 euro igo ziren, hau da, %1,6 gehiago.

MOYUA, ERABILIENA

   Metro Bilbaoko 2013ko geltoki erabiliena, lehen aldiz, Moyua izan zen, 6.189.00 bezero izan baitzituen. Ondoren geratu zen Indautxu, sei milioi bidaiari baino gehiagorekin. Urtarrila izan zen bidaiari gehien ibili zen hilabetea, 7.963.909 erabiltzailerekin.

   Halaber, Abando-Santutxu izan zen bidaia ohikoena, 711.774 joan-etorrirekin, eta, ondoren, Zazpi Kaleak-Santutxu (650.483) eta Moyua-Santutxu (592.924). C guneko bezeroak ere gehitu ziren (Larrabasterra, Sopela, Urduliz edo Plentzia jatorri edo helmuga duten bidaiariak), 27.383 erabiltzaile gehiagorekin, hots, %0,8 gehiago.

   Ordu tarte jendetsuenei dagokienez, eguerdiko puntako ordua finkatu zen, 13:30 eta 15:30 biartean, arratsaldeko puntakoaren kaltetan. Horrela, metroaren arduradunen arabera, bezeroen bidaia ohituretan izandako aldaketak berretsi du "egokia" izan zela 2014an maiztasunak aldatu eta herritarren eskarira egokitzeko eta aurreko zuzendaritzak murriztutako maiztasunak berreskuratzeko hartutako erabakia.

   Bestalde, Ariz (2.007.223) eta Basauriko (1.291.853) geltokiek erabilera finkatu zuten, bien artean hiru miloi bidaiari baino gehiago erregistratuta. Txartelen erabilerari dagokionez, Creditransek jarraitu zuen (orain Barik txartelaren barruan) erabiliena izaten, 46.615.789 balioztapenekin, hots, guztien %53,5.

   Halaber, aparkalekuen erabilera ere gehitu zen. Zehazi, Etxebarriko geltokiaren ondoan dagoen aparkalekuaren kasuan, 2012an baino %5,25 gehiago erabili zen, 102.136 ibilgailu aparkatu baitziren han. Leioako geltokiaren ondoan dagoen aparkalekuak 87.276 ibilgailu zenbatu dituen, aurreko urtean baino %2,14 gehiago.

BEZEROEN IRITZIAK

   Bezeroen iritziari dagokionez, garraiabide publiko "oso ontzat" jo dute, 10etik 8,06 punturekin, aurreko bi urteetako joera aldatuz eta 8tik gorako batez besteko nota berreskuratuz. Garbitasuna (8,67), lastertasuna (8,24) eta puntualtasuna (8,12) izan dira kalifikaziorik altuena lortu dutenak. Hiriarteko trenaren bezeroen %89 "harro" dago metroaz.

   Aurtengo ekitaldiari begira, Metro Bilbaok lanegunetako 9:30-15:30 arteko zerbitzuaren maiztasuna hobetu du urtarrilaren 10etik aurrera. Orain enborrean ordu tarte horretan hiru minutuko maiztasunak daude, eta sei minutukoak adarretan. Egunero, 9:30etik 15:30era bitartean, batez beste, 116.000 joan-etorri izaten dira, eta horiek dira, hain zuzen, maiztasun berrien onuradun zuzenak.

   Otsailaren 1etik bezeroen arretarako bulegoen ordutegiak ere hobetu dira, herritarren beharrak hobeto asetzeko. Astelehenetik ostiralera Zazpi Kaleetako bulegoa 12 orduz etengabe irekitzen da, 8:00etatik 20:00etara. Gainerako hiru bulegoak -San Inazio, Areeta eta Ansio- 9:00etatik 19:30era egoten dira zabalik. Halaber, berria eta garrantzitsua da galdutako gauzei buruz galdetzeko telefonoa sortu dela: 944 25 40 40.

   Azkenik, metroaren arduradunek gogorarazi dute Kabiezesen inaugurazioa 2014ko mugarri esanguratsuena izango dela. Bigarrena lineako amaierako geltoki berriak 17.000 laguni eskainiko die arreta.