Metro Bilbaok Urdulizen duen geltokia lurperatzeko obra zibilaren proiektua onetsi du Bizkaiko Garraio Partzuergoak

Actualizado: martes, 29 julio 2014 14:05

BILBO, 29 Jul. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BPG) Metro Bilbaok Urdulizen duen geltokia lurperatzeko obra zibilaren eta trenbidearen proiektua onetsi du Kontseilu Nagusiak gaur izan duen bileran.

Bi erakundeek hitzarmena sinatu zuten, eta BGPk 2011ko martxoaren 30ean onetsi zuen; hitzarmen horren emaitza gisa, 543 metro trenbide lurperatzea planteatu da, gaur egun Metro Bilbaoko sare osoan zehar existitzen den azken pasabidea desagerrarazteko.

Obra honi esker, herrigunean bertan hesidun pasabide bat izateak dakartzan arriskuak saihestu nahi dira; hala, datorren abenduan hasita, lanek 18 hilabeteko iraupena izatea aurreikusi da. Bidenabar, zerbitzua martxan jartzeko beharrezkoak diren gainerako lanak ere lizitatzera atera eta onetsi egingo dira, esaterako, instalazioak, elektrifikazioa, seinaleak eta abar.

Lehenengo jarduketa honen zenbateko ekonomikoa (trenbidea eta obra zibila) 14,8 milioi eurotan zenbatetsi da, eta BGPk hartuko du bere gain. Zenbateko horri gainerako proiektuak ere gehitu beharko zaizkio, eta, egindako kalkuluen arabera, zenbatekoa 22,1 milioi euro izango da, 2016ko azaroan metro zerbitzua martxan jartzean.

Ildo beretik, eta jarduketa horri dagokionez, metroaren ordez arituko den autobus zerbitzua kontratatzeko plegu teknikoak ere onetsi ditu BGPren Kontseilu Nagusiak gaur egindako bileran, lanek bidaiarien garraioaren zerbitzuari eragiten diotenetik hasi eta zerbitzua berriz jartzen den arte. Plegu horien lizitazio zenbatekoa 1,6 milioi euro da, eta bertan jasota dago metroak bidaiariei gaur egun eskaintzen dizkien maiztasun berberak eskaintzeko betebeharra dagoela, Urduliztik
barrena Sopelatik hasi eta Plentziara arte.

Lanen plangintzan aintzat hartu da lanen eraginpean izango den eremutik ibilgailu ugari igarotzen dela, eta, hortaz, gaur egun zona hori (Aita Gotzon) zeharkatzen duen errepidean etenik egingo ez dela bermatzen dela uneoro; hala, aldez aurretik zirkulazioa bideratuko
da, lanak iraun bitartean ibilgailuak igaro ahal izatea bermatzeko.