Metro Bilbaoko zuzendaritza berria aurreko kudeatzaileek ezarritako murrizketak aztertzen ari da

Bilboko metroa
Foto: Europa Press
Actualizado: viernes, 22 febrero 2013 13:41

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio diputatu Itziar Garamendik gaur aurreratu du Metro Bilbaoren zuzendaritza berria aurreko kudeatzaileek ezarritako ordu-maiztasunen murrizketa aztertzen ari dela. Helburua da erabaki hori hartzeko oinarri izan ziren premisak zerbitzuaren errealitatearekin bat datozen egiaztatzea.

   Ildo horretan, foru diputatuak azaldu du ezen, Metro Bilbaoren zuzendaritza berriak emandako datuen arabera, aurreko zuzendaritzak  argudiatu zuela diru asko aurreztuko zela maiztasunak murriztu eta eguneko 45 bat zerbitzu kentzeko erabakiari esker. Horrela, aurreko kudeatzaileek egindako zenbatespenaren arabera, 748.000 euro aurreztuko ziren urteko: gidatze-ordu gutxiago direla-eta, 429.000 euro, eta energia kontsumoa eta mantentzea direla-eta, 318.000 euro.

   Halaber, Herri Lan eta Garraio diputatuaren esanetan, une egokia da oraingo zuzendaritzak argudio eta maiztasun-murrizketa horiek aztertzeko, Metro Bilbao dagoeneko hasi baita 2014ko zerbitzurako proposamena prestatzen, eta aurtengo martxoan amaituta egon behar da. Egiten ari den azterlanaren ondoriozko datuek aukera emango dute kalitateko zerbitzu bat -herritarren benetako beharrizanen araberakoa- emateko erabaki zuzen eta egokiak hartzeko.