Microsoftek eta Eusko Jaurlaritzak euskarazko IKTen erabilera sustatuko dute konpainiaren puntako erreminten bidez

Actualizado: lunes, 13 junio 2011 21:05

DONOSTIA, 13 Jun. (EUROPA PRESS) -

Microsoft konpainiak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, puntako teknologia euskaraz hedatzeko eta erabiltzeko konpromisoa hartu du "Berrikuntza euskaraz" ekitaldiaren bidez, Informazio eta Komunikazioen Teknologietako (IKT) erreminta berritzaileenak euskaraz aurkeztuz.

Honela, euskal hiztun eta erabiltzaile orok produkziorako erabiltzen diren Microsoften puntako erremintak euskaraz erabili ahal izango ditu, hala nola Microsoft Office 2010, Microsoft SharePoint 2010, Microsoft Dynamics CRM 2011 eta CRM Online.

Produktu horiek doan deskargatu daitezke modu seguru eta errazean, bi esteka hauetako batean sartuta: www.microsoft.es/eus edo www.euskara.euskadi.net/euskara_soft. Donostian egin den aurkezpen ekitaldiaren bidez, Eusko Jaurlaritzak eta Microsoftek hamar urtez izan duten lankidetza ere ospatu nahi izan da.

Microsoft-ek hiru erreminta aurkeztu ditu enpresen lehiakortasuna, eraginkortasuna eta kudeaketa hobetzeko: Office 2010, SharePoint 2010 eta Dynamics CRM. Merkatuko erreminta erabiliena eta lehiakorra den Microsoft Office 2010 plataforma enpresarialaren bidez entitateek beren produktibitatea igo dezakete, IKTen kudeaketa hobetuz eta gastuak jaitsiz.

SharePoint 2010, berriz, interfaze familiarra da eta hainbat baliabide eskaintzen ditu, enpresaren errentagarritasunean hobekuntzak bermatuz. Azkenik, Microsoft Dynamics CRM 2011 eta Microsoft Dynamics CRM Onlinearen bidez, enpresen teknologia kudeaketa hobetu nahi da, baliabideek eskaintzen duten funtzionalitatearen bidez errentagarritasuna irabaziz.

Microsoftek eleaniztasunaren aldeko apustua egin du puntako teknologia berrienak euskaraz erabili ahal izateko. Horretarako, euskal erabiltzaileentzat euskarazko produktuak jarri ditu eskura Windowsen sorkuntzatik.

1996an Windows 95aren euskarazko bertsioa egin zuten eta ordutik egundaino, konpainiak bere produktu erabilienen euskarazko bertsioak egin ditu, besteak beste, Word 6, Windows 98, Office 2000, Windows XP, Office 2003, Windows Vista, Office 2007, Windows 7 edo Cloud Computing Windows Live.

San Telmo Museoa izan da "Berrikuntza euskaraz" aurkezpen ekitaldiaren eszenatokia. Bertan egon dira euskal gizarteko hainbat pertsona ezagun, politikariak, enpresariak, akademikoak, instituzioetakoak eta artistak. Ekitaldian zehar hainbat emanaldi ezberdin izan dira Acroindar Dantza Akrobitikoaren eskutik.

Montserrat Pardo Microsoft Iberica enpresako Erakunde Harremanetarako kudeatzaileak azpimarratu du "ezinbestekoa" dela aurreratzen joateko konpainiako puntako softwareak euskaraz izatea. "Microsoft Office 2010, Microsoft SharePoint 2010, Microsoft Dynamics CRM 2011 eta CRM Online, produkziorako erabiltzen diren puntako erremintak dira. Enpresa guneetan zein erabiliko duten langileei teknologia modu eraginkor batean erabiltzen lagunduko dieten erremintak dira. Horregatik, gaurtik aurrera euskaraz izateak, euskal erabiltzaileek ere horrelako produktuen beharra dutela erakusten digu", azaldu du.

INBERTSIO HANDIA

Microsoftek inbertsio handia egin du Eusko Jaularitzaren erabateko babesarekin, bere azken softwareak euskaraz egokitzeko. Horregatik, Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak garrantzizkotzat jo du Microsoftek bere azken erreminta berritzaileenak euskaraz itzultzeko egin duen apustua.

Ondoren, bere departamentuaren aurtengo lana zein den azaldu du. Urte honetan martxan jarriko diren proiektu aipagarrienak hauek dirak: Wikipedia entziklopedia digitalerako 10.000 eduki sortuko dira euskaraz, itzulpen automatikoa martxan jarriko da eta Itzulpen Memoriaren Banku Publikoa sortu da. Banku honekin, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiako baliabide anitz gizartearen esku geratuko dira", azaldu du.

Eduardo Zubiaurre Adegiko presidenteak ere ekitaldian parte hartu du. Bere esanetan, "enpresetako normalizazio linguistikoan lan egin behar da egunero, egon daitezkeen zailtasunak ezkutatu gabe. Horregatik, gaur hemen aurkezten diren erremintak euskaraz izateak gauzak errazten ditu, enpresak edota langileak berak, aske aukeratu dezan ea zein hizkuntzatan egin nahi duen lan".

Azkenik, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua izan da ekitaldia itxi duena, eta esan du honelako ekitaldien bidez, gizarteari erakusten zaiola "badaudela erremintak modu profesional eta ludiko batean euskaraz lan egiteko". "Gaur aurkezten ditugun produktu hauekin, enpresek dituzten beharrei erantzuten diegu, hizkuntza aniztasunaren aurrean enpresek baliabide eleanitzak izan ditzaten", gaineratu du.