Mikel Martinez da Eskena elkarteko zuzendari berria

Mikel Martinez
ESKENA
Actualizado: lunes, 7 marzo 2016 16:23

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

   Eskena Euskadiko Ekoizle Eszenikoen Elkarteak Mikel Martinez hautatu du zuzendaritza batzorde berriaren buru izateko. Lantaldeetan oinarritutako egitura horizontal eta parte hartzaile baten aldeko apustua egin dute Eskenako kideek, sektorearen garapen profesionala sustatzeko eta erronka berriei eraginkortasunez aurre egiteko.

   Sektorearen inguruko hausnarketa prozesu sakon eta iraunkor batean murgilduta dirau Eskena, eta bere batzordearen aldaketa Euskadiko antzerkigintzak bizi dituen erronka berrien "adierazle garbia da". "Estutasunez beteriko baina, aldi berean, dinamismo handiko garaia" bizi dugula adierazi du bere burua "euskal antzerkiaren aldeko militante" giza deskribatu duen Mikel Martinezek.

   Hain zuzen, hori bera da zuzendari berriak Eskenari eskatuko diona, "elkarlana eta militantzia", egoera "on bezain zail" honetan, euskal antzerkiak bizi dituen erronkei erantzuteko.

   Mikel Martinezekin batera egitura berriko zuzendariorde moduan arituko dira Pilar López, FAETEDA eta diru laguntzen alorrean, Gorka Minguez, formakuntza eta bazkide berrien bilaketan, Ana Pimienta, Kultura Auzolanean proiekturako, eta Idoia Aiestaran, komunikabideak eta sektore hitzarmenaren negoziazioan. Batzorde berria euskal antzergintzaren "militanteek" osatzen dute, bakoitza bere alorrean aditua, baina kide guztien elkarlanaz, sektoreak behar duen bultzada emateko prest.

   "Honen atzean, euskal ekoizle eszenikoen gehiengoa batzen duen elkarteak bizi duen aldaketa prozesua dago. Asken urteetan bere ekintza eremua zabaltzea erabaki du Eskenak, batezbe gizartearekiko, publikoarekiko,antzerki enpresen lotura sendotzeko eta baita administrazio eta antzokiekiko bozeramaile nagusi duen ahalmena indartzeko", adierazi du elkarteak prentsa ohar baten bidez.