Mikel Martinezek "Larria, kutsakorra, mendebaldekoa" komedia estreinatuko du abenduaren 7an Durangon

Mikel Martinez
TARTEAN
Actualizado: lunes, 22 noviembre 2010 12:26

BILBO, 22 Nov. (EUROPA PRESS) -

Mikel Martinez aktoreak "Larria, kutsakorra, mendebaldekoa" bakarrizketa estreinatuko du Durangoko (Bizkaia) San Agustin aretoan abenduaren 7an. Tartean antzerki taldeak sortu duen komediaren gaia osasun publikoa eta negozioa da. Emanaldia iluntzeko 20:00etan hasiko da, bere arduradunek jakinarazi dutenez.

Patxo Telleriak eta Jokin Oregik idatzitako testua du oinarri Tartean antzerki taldearen lan berriak. Bakarrizketa izan arren, Mikel Martinezek hiru pertsonaia egingo ditu, eta pertsonaia batetik bestera salto egiten ibiliko da espiral etengabe batean. Akzio berberak efektu desberdinak sortuko ditu, nork egiten duenaren arabera, eta hitz berberak esanahi desberdinak izango ditu, nork esaten dituenaren arabera.

Barrea sortarazteko idatzia den komedia honek ukitu "basatia" du eta gaiaren inguruko hausnarketa suspertu nahi du, "emozio, irrika, eta samurtasunaz". Lanaren zuzendaritza Jokin Oregiren esku egon da.

Mikel Martinez, Patxo Telleria eta Jokin Oregi Maskarada taldean elkartu ziren aspaldi, eta beste hainbat proiektutan elkarrekin lan egin eta gero, Tartean antzerki taldearen ardura hartu zuten bere gain. Taldeak lan batzuk ekoiztu ditu, hala nola "Sonata segundo batean eta piku" edo "Ezin dut egia esan".

Halaber, bere baitan bi "zigilu" edo talde-izen artistiko ere badaude: Ez Dok Hiru Bikoteatroa (Patxo eta Mikel aktore direla, arrakasta handiko euskarazko obrak taularatuko dituena, "Euskarazetamol", kasu), eta Marie de Jongh ("Robot Maitea" eta "Zer duzu negarrez, Marie" bezalako familia osoari zuzendutako ikuskizun sarituak egiten dituena).