Minbizia gainditu dutenen autozaintzarako lehenengo programa abian da EAEn

Tailerraren saioetako bat
IREKIA
Actualizado: miércoles, 22 noviembre 2017 13:15

DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)

Osakidetzaren Osasun Eskolaren Paziente Bizia programaren baitako "Minbiziaren ondoren nire osasuna zaintzen" egitasmoaren begiraleen prestakuntzako lehenengo saioa egin da asteazken honetan, Donostian, eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eta Jon Darpon Osasun sailburuak parte hartu dute. Programa prozesu onkologikoa gainditu dutenei eta haien zaintzaileei zuzenduta dago.

Urkulluk adierazi duenez, egitasmoa "bizitzaz beteriko ikasgela da, eta gainditzeko eta itxaropenezko irakaspenak ematen dira bertan. Horren adibide da gaixotasun hori diagnostikatu eta tratamendua jasotzen duten pertsona kopuru gero eta handiagoa".

Izan ere, Euskadin, bularreko minbizia gainditu duten emakumeen kopurua igo egin da eta %86 da gaur egun, Minbiziaren Euskadiko Erregistroaren azken datuen arabera. Bularreko minbizia da emankumeengan ohikoena. Era berean, bost urteko haurren artean minbizia gainditzen dutenen kopurua igo da, eta 15 urte baino gutxiagoko hamar haurretik zortzik gainditzen dituzte ohikoenak diren tumore gaiztoak, esaterako, leuzemia eta linfomak. Horiek dira adin tarte horretan diagnostikatzen diren minbizien ia erdia.

Hain zuzen ere, eta Urkulluk iragarri duen moduan, Euskadiko Onkologia Plan Integralaren helburua da heriotza tasa murrizten jarraitzea. Hala ere, diagnostiko goiztiarrean eta tratamenduetan egin diren etengabeko aurrerapenen ondorioz, maiz, minbizia gaixotasun kroniko bihurtzen da, eta horri ere aurre egitea du helburu planak. "Tratamendua amaitutakoan pertsona horien beharrizanei behar bezala erantzutea eskatzen du horrek, batez ere, arlo psikologiko eta emozionalean, eta gizarteratze eta laneratzearekin lotura duen horretan", azaldu du.

Halere, bere ustez, erakundeen inplikazioa ezinbestekoa bada ere, ez da nahikoa, eta Osasunaren Mundu Erakundeak Health 2020 programan nabarmendu duen bezala, "pazienteen eta herritarren ahalduntzea ere berebizikoa da".

Horixe da, hain zuzen ere, Paziente Bizia programaren filosofia. Gaur egun, Euskadi osoan barna zabaldu da eta Osakidetzaren Osasun Eskola programaren baitakoa da. Programa horrek herritarren ahalduntzea helburu duten hainbat ekimen batzen ditu. Herritarrak, orokorrean, eta gaixotasun kronikoa duten pertsonak eta zaintzaileak ahalduntzea du helburu.

BERDINEN ARTEKOA

Programaren funtsezko gakoetako bat da berdinen arteko hezkuntza programa dela, Euskadiko Onkologia Plan Integraleko minbizia pazienteei zuzendutako berariazko programarena bezala, hau da, tailerrak gaixotasun kronikoak dituzten pertsonek edo zaintzaileek ematen dituzte. Horren ondorioz, enpatia eta gertutasun handiagoa sortzen da eta, beraz, motibazio eta inplikazio handiagoa.

Orain arte, Paziente Bizia programak hiru tailer mota abiatu ditu: orokorra, "Nire osasuna aktiboki zaintzen", kolektibo zehatzetara eta erakunde eta enpresetara zabaldu dena; 2 motako diabetesa dutenentzako "Nire diabetesa zaintzen" berariazko tailerra, eta onkologia pazienteei zuzendutakoa. Horiei guztiei esker, 5.500 paziente eta zaintzaile prestatu dira Euskadin, eta 300 begirale inguru aktibo daude.

Urkulluk espresuki eskertu du minbizia gainditu duten pertsonentzako berariazko tailerra abian jartzea ahalbidetu duen diziplina anitzeko taldeak garatutako "lan izugarria". Onkologia adituek, osasun profesionalek, pazienteek eta Katxalin edo AECC moduko elkarteek parte hartu dute prozesuan.

TAILERRA

"Minbiziaren ondoren nire osasuna zaintzen" tailerra, gutxienez hasi baino urtebete lehenago onkologia prozesu batetik iagro diren pertsonentzat eta beren zaintzaile nagusientzat berariaz prestatutako ekimena da.

Tailerra bi ordu eta erdiko saioetan egiten da, astean behin, zazpi astean zehar. Saioak taldean egiten dira eta parte hartzaileak dira, eta bi begiralek gidatzen dituzte. Pertsona horiek onkologia prozesu bat igaro edo zaintzaile nagusiak izan dira, eta berariaz prestatu dira saioak emateko, 30 orduko prestakuntza bati esker.

Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak gidaliburu egituratua egin dute, begiraleek eta parte hartzaileek pedagogia eta lan tresna modura erabiltzeko. Tailerrak jorratzen dituen gaien helburua da minbiziaren diagnostikoak eta tratamenduak pazienteengan izan duen eragin fisiko zein psikologikoa lantzea.

Saioetan hainbat jarduera lantzen dira, hala nola bizitza osasuntsurako ohiturak, minbiziak beren bizitzetan izan duen eragina emozionalki kudeatzea, ondorioak eta aldaketa fisikoak, sexualitatea, sintomen kudeaketa eta beren osasuna hobeto kontrolatzen laguntzeko gaitasunak, adibidez, ekintza planak ezartzea, arazoak konpontzea, komunikazio teknikak, estresa kontrolatzeko teknikak eta erabakiak denon artean hartzea. Hori guztia berdinen arteko laguntzaren baitan egiten da.