Mintza Eguna Hondarribian ospatuko da, ekainaren 2an

Mintza Eguna 2018
TOPAGUNEA
Actualizado: jueves, 19 abril 2018 8:39

DONOSTIA, 19 (EUROPA PRESS)

Hondarribian izango da ekainaren 2an Euskal Herriko mintzalagunak bilduko dituen festa handia: Mintza Eguna. Gipuzkoako herriko Blagan euskara elkartearekin bat eginda, XIII. Mintza Egunak euskaltzale guztiei euskarari atxikitzeko deia zabalduko die, "mintza taldeetan ereindako olatua, elkarrekin euskaraz aritzeko ohitura, kalera zabaldu nahi baitute", Euskaltzaleen Topaguneak jakinarazi duenez.

Ekimenaren arduradunen arabera, urteek erakutsi dute mintzapraktika ekimenak eraginkorrak direla, batetik, parte hartzaileek hala aitortzen dutelako eta, bestetik, programen zein mintzalagunen helburuek bat egiten dutelako. Orain erronka berri bat darabilte eskuartean: euskara mintzapraktika taldeetan erabiltzetik, taldeetatik kanpo ere euskaraz normaltasunez aritzeko pausoa ematea.

Hondarribiko taldean 75 mintzalagun dabiltza egun. Mintzalagun taldeak gogotsu hartu du Mintza Eguna antolatzeko lekukoa, eta, Blagan euskara elkartearekin eta Hondarribiako Udalarekin batera, "sekulako egitaraua ari da prestatzen ekainaren 2rako". "Bereziki ikusgarria" izango da eguerdi partean Abiyuan txarangarekin egingo den kalejira animatua.

Arraunlariek emango diote hasiera jaiari, Kai Zaharreraino "Itxeki euskarari!" pankarta eramanda. Gainera, festak gaueko ordu txikiak arte iraun dezake, bi kontzertu izango baitira eguneko giro beroari erritmoz eusteko, Gorpunzkingz eta Elektropatxaranga taldeekin.

Bestalde, bazkariko txartelak maiatzaren 24ra arte mintzalaguna.eus webgunean eta Hondarribiko Blagan kafetegian izango dira eskura. Hiru txartel mota egongo dira salgai: bazkaria eta hamaiketakoa 17 euro, bzkaria eta hamaiketakoa haurrak 10 euro, bazkaria, hamaiketakoa eta autobusa 25 euro eta bazkaria, hamaiketakoa eta autobusa (umeak) 18 euro.