Mintzodromoa izango da Sestaon datorren asteazkenean

Actualizado: lunes, 9 marzo 2015 16:24

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

   Sestaoko (Bizkai) Berbalagun egitasmoak, Korrika Kulturalaren egitarauan baitan, mintzodromoa antolatu du datorren asteazkenerako, martxoaren 11rako, bi saiotan: goizekoa 10:30etik 12:00etara izango da, Angela Figuera institutuan, eta arratsaldekoa 18:30etik 20:00etara, Duplex tabernan. Saioa Korrika Kulturalaren baitan dago.

   AEK-ko iturriek jakinarazi dutenez, jarduera honen helburu nagusia Sestaon euskara sustatzea eta herriko euskaldunek elkar ezagutzea da, hizkuntza eskolatik, institutik edo euskaltegitik kalera ateratzea, azken finean.

   Dagoeneko 200 bat lagunek baieztatu dute parte hartuko dutela Sestaoko lehen mintzodromoan. Antolatzaileek makina bat mahai jarriko dute eta bost edo sei laguneko taldeak sortuko dira. Hiru gai izango dituzte hizpide kafe bat hartu bitartean: "Nolako Sestao nahi duzu?", "Matxismoa" eta "Teknologia berriak".

   Gai bakoitzari buruz 15 bat minutu inguru mintzatuko dira eta mahai edo talde bakoitzean moderatzaile bat egongo da. Gai baten eta bestearen artean, parte hartzaileak mahaiz mugituko dira mintzodromoan dauden ahalik eta pertsona gehienekin hitz egin ahal izateko.

   AEK-k jarri zuen abian Sestaoko Berbalagun egitasmoa duela bederatzi urte, herriko hainbat elkarterekin elkarlanean. Gaur egun, 80 sestaoar inguru ibiltzen dira astean behin mintzapraktika taldeetan elkartzen.