Miriam Isasik hasi du Bizkaiko Aldundiko "Barriek" erakusketen programa

Lorea Bilbao eta programan parte hartuko duten artistak
BIZKAIMEDIA
Actualizado: miércoles, 13 enero 2016 13:55

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

   Miriam Isasi artista gasteiztarrak hasi du aurten Bizkaiko Foru Aldundiko "Barriek" erakusketa programa, martxoaren 6ra arte Bilboko Rekalde aretoan ikusgai izango den "Lanzamiento de moneda" obrarekin. Bizkaiko Aldundiak sormen artistikorako ematen dituen beken programa da "Barriek".

   Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputatuak aurkeztu du asteazken honetan erakusketa, Bizkaiko Foru Aldundiaren sormen artistikorako bekak jaso dituzten sei artistak lagun zituela. Izan ere, haien lanak jarriko dira jendaurrean ikusgai 2016an zehar Rekalde aretoan, bi hilerik behin txandatuz euren lanak.

   Aurkezpenean azaldu duenez, "kalera begirako leiho bat" izango da, Bizkaian kokaturiko artista gazteen proposamen plastiko eta bisualak herritarrei hurbilarazteko asmoz irekiko dena. Argazkiak, pintura, eskultura, bideoa eta instalazioak erabili dituzte artistek, nahiz eta, gehienetan, teknika hibridoak baliatu dituzten. "Proposamen hauetan biltzen dira gaur egungo artisten jaidura eta kezkak, eta gaur egungo munduaren arazoen erakusgarri dira", esan du Bilbaok.

   "Barriek" programaren bitartez, Bizkaiko Foru Aldundiak goraka doazen artista bizkaitarren berri eman nahi dio gizarteari. "Foru erakundeak laguntza eman die, sormen artistikorako beken bitartez, eta, orain, bultzada bat eman nahi die, beren lehen urratsak egin ditzaten, sormenerako baldintza egokiak sortuz", azaldu du. Bekak eskatzeko epea martxoaren 18rarte zabalik dago.

   Miriam Isasi (Gasteiz, 1981) Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta Boloniako Arte Ederren Akademian egin du bere ikasketen parte bat. Artista eta ikertzailea da eta, une honetan, doktore tesia egiten ari da: "hurbilketa fenomenologiko bat babesaren kontzeptura". Erakusketa bat taxutzeko orduan, Isasik beti jotzen du instalazio bat egitera, horixe baita babesaren kontzeptutik hurbilen dagoen arte moldea.

   Isasiren ondoren, Eriz Moreno (martxoaren 8tik maiatzaren 8ra), David Martínez (maiatzaren 10etik uztailaren 3ra), Zaloa Ipiña (uztailaren 5etik irailaren 4ra), Ana Riaño (irailaren 6tik azaroaren 1era) eta Amaia Gracia Azqueta (azaroaren 3tik 2017ko urtarrilaren 8ra) igaroko dia Rekalde aretotik.