MobyDick, The Riff Truckers eta Planetaleta Katalunian izango dira otsailaren 23tik 25era

Mobydick getxotarra
Foto: IGOR ZALBIDEA
Actualizado: viernes, 10 febrero 2012 18:03

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   MobyDick, The Riff Truckers eta Planetaleta taldeek hiru kontzertu eskainiko dituzte Katalunian otsailaren 23tik 25era bitartean, Euskal Herriko Musika Etxeen Sareak Etxepare Euskal Institutuaren eta Xarxa Cases de la Música Popular de Catalunya erakundearen parte-hartzearekin bultzaturiko ekimen batean. Helburu nagusia da Euskal Herrian garatzen den kalitate artistiko musikala ezagutzera ematea, "Made in Euskadi" identitatearekin bereziki.

   Egitasmoaren sustatzaileek adierazi dutenez, "ezinbestekoa da oinarri batzuk ezartzea gure sortzaileak mugetatik kanpo bi kontzeptu hauekin erlazionatu ahal izateko: Euskadi eta kalitatea". "Gure asmo nagusia da, mugetatik kanpo euskal taldeei bultzada ematea, hauek ezagutzera eman ahal izateko eta haien publikoa areagotzeko", gaineratu dute.

   Euskal Herriko Musika Etxeen Sareak hiru talde euskaldun hautatu ditu, haien errepertorioan gutxienez euskarazko bi abesti dituztenak: MobyDick, The Riff Truckers eta Planetaleta. Hirurek aukera izango dute hiru kontzertu emateko Kataluniako Musika Etxeen hiru aretoetan, Mataron (otsailak 23), Terrasan (24) eta L'Hospitaleten (25), hain zuzen ere.

   MobyDick proiektu folk-akustikoa da, Eneko Burzako getxotarrak 2008. urtean hasi zuena, Bilboko talde ugaritatik pasa ondoren (Nun, Bizhil, Tribute to QOTSA). 2009an "And then she became God's friend" grabatu zuen, bere lehen disko autoproduzitua.

   Euskal Herriko txoko askotan eman ditu kontzertuak jada, eta asko dira zuzeneko gaitasun artistikoak zein estudioko lana goraipatzen dutenak, nagusiki zuzenekoa. Abestiek duten intentsitatea eta bere ahotsak duen pertsonalitatea kontuan hartuz ,gaur egun bakarlari bezala "mugak ganditu ditu" askoren ustetan.

   Bere azken kontzertuei dagokienez, nabarmenak aipatzekotan, Ainara Legardon, The New Raemon, Jose Gonzalez, Maika Makovski edo 2010eko BBK Live Jaialdian emandakoak azpirramatu daitezke. "Bilbao Hiria" Pop Rock jaialdiko azken edizioan lehen aldiz bakarlari bat finalera heldu zen, MobyDick bera, azkenik merezitako hirugarren postua lortuz.

THE RIFF TRUCKERSA

   The Riff Truckers 2005. urtean sortu zen Bizkaiko Ea herrian. Hasieratik rock&rolla jorratu zuten estilo nagusi bezala, baina blues, country eta whiskya alde batera utzi gabe. 50 kontzertu eman ondoren, Euskadin zein Espainian, 2009ko udaberrian euren lehen diskoa dena grabatzera sartu ziren. Diskoa "On route" deitzen da eta oso kritika ona izan zuten; "Bilbao Hiria" lehiaketa ere irabazi zuten, Pop Rock modalitatean.

   Gainera, jaialdi oso garrantzitsuetan parte hartzeko aukera izan dute bizkaitarrek, hala nola, Bilbao BBK Live 2010 edo Azkena Rock Festival 2011. Joan den urtean zehar haien bigarren diskoa grabatzen hasi dira, zuzenekoak albora utzi gabe.

   Azkenik, musikari, produktore eta Dj, Planetaleta azken 20 urteetan Euskadiko indie musikaren bilakaeraren erantzule nagusienetarikoa izan da. El Inquilino Comunista eta We Are Standard taldeetako kidea izan da, baita produktore gisa 70 talde baino gehiagoren soinuaren arduradun ere, besteak beste, Lord Sickness, Cujo, We Are Standard, Los Clavos & Steve Winn, Zodiacs edo Electrobikinis. Soinu-nahaste ikaragarriak egin ditu Atom Rumba, Najwa Nimri, Grises, The Suicide of Western Culture edo Cancer Moon taldeentzat.

   Bere zuzeneko saioa "esperientzia paregabea eta urratzailea da", azken 50 urteetako taldeen abesti ospetsuak bat egiten ditu abangoardiako elektronikaz eta theremin bezalako instrumentuaz baliatuz (The Beatles, Stone Roses, Delorean, Placebo, Sonic Youth, Los Planetas, Pixies, Beck, The Clash, Vitalic, Blur eta abar).