Mondragon Unibertsitateak Bidasoako campusa inauguratu du, Irunen

MUren Bidasoa campusaren inaugurazioa
MONDRAGON UNIBERTSITATEA
Actualizado: miércoles, 14 junio 2017 13:51

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

Mondragon Unibertsitatearen (MU) Enpresagintza Fakultateak Bidasoako campuseko instalazioak inauguratu ditu asteazken honetan, Irunen. Campus berriaren instalazioak Palmera Montero gizarte etxean daude, eta helburua izango da eskualdean ekintzailetza eta berrikuntza sustatzea.

Inaugurazio ekitaldian izan dira Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Jose Antonio Santano Irungo alkatea eta Vicente Atxa MUko errektorea.

Ekkitaldian nabarmendu dutenez, Bidasoako proiektua eskualdearen garapen eragilea izateko asmoz sortu da. Ekintzailetza, berrikuntza eta kudeaketako talentua sortzea landuko ditu batez ere, eskualdeko enpresa sarearekin harreman estuan oinarrituta.

Campusak bi ardatz nagusi izango ditu: prestakuntza eta ekintzailetza. Prestakuntza ardatza ekintzailetzara, berrikuntzara eta ikasketak eta lana uztartzen dituen hezkuntza dualera bideratuta dago. Ekintzailetzaren bidez, berriz, zeharkakoa eta sortzailea izango den kultura ekintzailea sustatuko dute, eskualdera egokitua, lurraldeko erakundeen parte hartzearekin.

Ekintzailetzarako gunean, gaiaren inguruko laguntza eta aholkularitza eskainiko dute, batez ere enpresek lehen urratsak Irunen egiteko aukera izan dezaten. Era berean, sormena, berrikuntza eta kudeaketako talentua sustatuko dituzte, baita lurraldean enpresa berriak martxan jartzea ere.

Azken finean, MUk xede jakin batekin diseinatu eta mamitu du instalazio berrietan burutuko duen unibertsitate proiektua: ingurunean berrikuntzaren eta ekintzailetzaren sustatzaile izatea, eta, egungo egoeratik abiatuta, jada abian den industria eta enpresa ehuna aprobetxatuz, ekiten eta berritzen jarraitzea.

Palmera Montero gizarte etxean izango diren instalazio berriak Irungo Udalarekin sinatutako hamar urterako lagatze hitzarmenaren emaitza dira. Horren arabera, MUk bere gain hartuko ditu gunearen egokitze eta mantentze lanak, inbertsioak eta eraikinean sortuko diren gastu orokorren %80. Eraikin berean udal elkarteak eta erabilera anitzeko aretoak daude.

ENPRESAGINTZA FAKULTATEA

Bidasoako campusa MUren Enpresagintza Fakultatearen barruan dago, Oñatiko eta Bilboko campusekin batera. Guztira, 1.381 ikasle ari dira Enpresagintza Fakultatean ikasten, eta horietatik 311 Bidasoako campusean ari dira: 179 myGADEn, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduan, eta 132 LEINNen, Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Graduan.

MUren Enpresagintza Fakultateak urteak daramatza ekintzailetza arloa jorratzen, eta, ildo horretan, "aitzindariak eta erabat berritzaileak" diren tituluak eskaintzen ditu, berrikuntza eta ekintzailetza bestelako ikuspegi eta metodologia batekin landuz.