Mondragon Unibertsitateak MBA Executive masterra emango du Bilbon, handitu eta berritu nahi duten ETEentzat

Masterra sortuko duten erakundeetako ordezkariak
MONDRAGON UNIBERTSITATEA
Actualizado: lunes, 24 septiembre 2018 14:27

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Mondragon Unibertsitateak (MU) Enpresa Kudeaketako Executive Masterra emango du Bilbon, 2018ko urtarrilean hasita, negozioa garatzeko konpetentziak eskuratzeko interesa duten zuzendari eta profesionalei zuzenduta. Helburua da Euskal Herriko ETE eta mikroETEei laguntzea enpresa kudeaketa hobetzen eta berehalako aldakuntza etengabeak bizi dituen merkatu global eta lehiakorrean hazkundea optimizatzen.

Masterraren aurkezpenean azaldu dutenez, Euskal Herriko enpresa ehuna batez ere ETEk osatzen dutela kontuan hartuta, funtsezkoa da zuzendari eta profesionalak lehia handiko ingurune globaletako berrikuntza eta kudeaketaren ikuspegi aurreratua biltzen dituzten alorretan trebatzea.

Horregatik, Euskal Herriko sei lanbide eta enpresa erakundek MUrekin batera master berria abian jartzea erabaki dute, errealitateari lotutako ikaskuntzaren bidez euskal enpresen hazkundea finkatzeko asmoz. Besteak beste, APDk (Zuzendaritzaren aurrerakuntzarako elkarteak), Cebekek (Bizkaiko enpresarien konfederazioak), Bizkaiko Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialak, Ekonomisten Euskal Elkargoak eta Gecematek (Zuzendari eta Enpresarien sare profesionalak) sinatu dute masterra MUrekin batera bultzatzeko hitzarmena.

Enpresaren hazkundearen hiru ardatzak suspertzen jarriko du indarra masterrak: bezeroak, negozio berriak eta finantza estrategia. Horretarako, "eginez ikastea" bultzatzen duten metodologia aurreratuak erabiliko dira.

Ardatz horiek suspertzeak errendimendu handiko taldeen lidergoa eskatzen du, ildo horretan doazen gaitasun eta trebezien trebakuntza aintzat hartuta, erakundean aldaketa berritzailea eta inpaktukoa bultzatu eta bideratzeko. Era berean, talentuari eta aliantza estrategikoei lotutako alderdiak landuko dira eta benetako esperientzien trukea bultzatuko da, MUk diseinatutako tresnak erabiliz.

PROFESIONALENTZAKO PRESTAKUNTZA

Masterra MUren profesionalentzako prestakuntzan sartuta dago, eta enpresan erabakitzeko ahalmena duten profesional eta zuzendariei zuzentzen zaie. Master erdipresentziala da (bi ostiral hilean) eta Bilbao Berrikuntza Faktorian emango da, 2019ko urtarriletik abendura bitartean, goizez eta arratsaldez. Aurretik, irailetik abendura bitartean, enpresen lehikortasun faktoreei buruzko hasierako diagnostikoa egingo da, MUren beraren metodologia erabiliz.

Egitarauan bi galderari erantzun nahi zaizkie: "zer dakar inpaktuko aldaketa berritzailea egiteak, eta nola egin dezaket hori nire erakundean?" eta "nola eta norekin sortu aldaketa?". Parte hartzaileen erakundeetako esperientzia zehatzen behaketa izango da lan metodologiaren abiapuntua.

Saioetan adituen prestakuntza saioak emango dira, ondoren esperimentatzeko: zehazki, partaide bakoitzak bere erakunderako zehazten duen negozioaren edo bezeroen garapenean oinarrituta hazteko ekintza plana diseinatuko da.

Gainera, enpresa-mentore baten aholkularitza eta jarraipena egongo da eta "Lifelong Learning Alumni" programan parte hartzeko aukera eskainiko da. Programa hori etengabeko ikaskuntzako ekosistema da, networking, adituen eskuragarritasun, ikaskuntza formal eta abarrean oinarrituta.