Morlanseko Gizarte Zerbitzugune berriak ia 28.000 donostiar artatuko ditu

Goia eta San Roman Morlanseko egoitza berrian
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: miércoles, 12 julio 2017 13:58

DONOSTIA, 12 (EUROPA PRESS)

Morlanseko Gizarte Zerbitzugunearen instalazio berrian izan dira asteazken honetan Eneko Goia Donostiako alkatea eta Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak. Egoitzak 312,76 metro koadro ditu, 27.746 donostiar artatuko ditu eta 362.255,14 euroko kostua izan du.

Gizarte zerbitzuek bere baitan hartzen dituzte pertsonen eta familien gizarte beharrak antzemateko eta horiei erantzuteko zerbitzuak, programak eta zerbitzuak. Bere helburuak dira pertsonen autonomia sustatzea; dependentziaren eraginez, pertsonek eta familiek dituzten beharrak prebenitzea eta artatzea; babesgabetasunaren ondorioz gertatutako egoerei aurre egiten laguntzea; gizarte bazterketak eragin ditzaketen egoerei aurre egiten laguntzea nahiz pertsonen, familien eta taldeen gizarteratzea laguntzea eta larrialdi egoerak sortzen dituen beharrak aurreikusi eta artatzea.

Gizarte Zerbitzuguneak dira Euskadin dauden gizarte zerbitzu eta baliabideen sarbidea. Edonor bertara daiteke, pertsonak, familiak nahiz taldeak, beren beharrei eta zailtasunei aurre egiteko informazioa, aholkularitza, laguntza eta babesaren bila. Adituek pertsona edota familien zailtasun eta beharrak aztertzen dituzte eta dagozkien baliabideak eta zerbitzuak eskaintzen dizkiete horiei guztiei aurre egiteko.

Goiak azpimarratu du Donostiako Udalak "lehentasunezko" ardatz bezala daukala gizarte ekintza, eta gogoratu du aurrekontuaren parte handi bat eskaintzen dituen gizarte zerbitzuetara bideratzen dela. Hain zuzen, Donostiako Udalak 25 milioi euro bideratu ditu aurten gizarte ekintzako aurrekontura. Hala, adierazi du Donostiako Udalak arreta herritarrei gerturatzen jarraituko duela eta, zentzu horretan, hurrengo arreta zerbitzua Egian irekiko dela iragarri du.

Bestalde, San Romanek gogorarazi du Gizarte Zerbitzuguneak direla Euskadin dauden "gizarte zerbitzu eta baliabideen sarbidea". "Zentro hauek irekiak dira eta kasu guztien aurrean informazioa, aholkuak eta laguntza emateko prest daude", esan du.

MORLANS

Morlanseko Gizarte Zerbitzugunea Leire plaza 6-7 zenbakietan dago, eta 27.746 pertsonari erantzuna emango zaie. Amaran bizi diren pertsonak artatuko ditu, Araba parketik Isabel II Hiribideko bikoitietaraino. Orain arte pertsona hauek Gas fabrikara joan behar izaten zuten.

Horrela, zortzi dira Donostiak dituen mota honetako guneak: Alde Zaharra eta Erdialdea; Amara; Larratxo eta Altza; Gros eta Egia; Antigua, Ibaeta, Igeldo, Añorga, Aiete eta Zubieta; Loiolako Erribera, Martutene eta Osinaga; Intxaurrondo; Bidebieta eta Herrera.

Morlanseko zerbitzugunean lan egingo duen lantaldea hau da: zentroko arduradun bat, bost gizarte langile, hiru administrari, lau hezitzaile, bi psikologo eta terapeuta bat. Bertako telefono zenbakia 943 45 27 20 da.