Mugikortasuna aukera ekonomiko gisa hobetzea landuko da bihar jardunaldi batean Bilbon

Actualizado: miércoles, 21 septiembre 2011 19:07

BILBO, 21 Sep. (EUROPA PRESS) -

"Negozio aukera berriak ITS (Intelligent Transport Systems) sektorean" goiburuko jardunaldia egingo da Bilbon bihar, irailaren 22an, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan. Bertan, mugikortasun alorrean dagoen araudia eta prestatzen ari direna eta gaur egungo eta etorkizuneko azpiegituretan izan ditzaketen aplikazioak aztertuko dituzte.

Saioaren abiapuntua Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Clusterrak bultzatu eta ITC (Instituto de Transporte y Comercio) eta Ingartek enpresek garatutako ikerketak dira, eta Clusterrak antolatu du, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak eta Espainiako Industria Ministerioak (Enpresa Elkarte Berritzaileentzako programaren -horren kide da Clusterra- eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren bidez) lagunduta. Ekitaldia Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendari Amparo Lopezek inauguratuko du.

2020. urtera arte, Europan ibilgailu pribatuek egindako kilometroen kopurua %35 haztea aurreikusten da, eta, merkantzia garraioari dagokionez, %75 arte. Ondorioz, ilarak edo beste arrazoi batzuk direla-eta ibilgailuetan ematen diren orduak baliteke bikoiztea. Orain arte azpiegitura berriak egitea izan da hartutako soluzio nagusia, baina garraioaren sektorean erabilitako ITS (Intelligent Transport Systems) teknologiei esker, aukera berriak sortu dira mugikortasuna optimizatzeko.

Amparo Lopez Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariaren arabera, "mugikortasuna kudeatzeak nahiko sozializatuta ez dagoen alderdi ekonomikoa du. Errepideetan hiltzen diren gizakien kostua, istripuen ondorioak, itxaronaldiak eta horiek direla eta ingresatzen ez dena, isuri kutsatzaileak, lekua kontsumitu eta galtzea; gizartea bere gain hartzen ari den kostu ekonomikoak dira horiek guztiak, eta herritarrek ez dituzte horrela hartzen".

Europako Batzordeak, teknologia berriek trafikoa kudeatzeko eskaintzen dituzten konponbideen garrantziaren jakitun, Ekintza Plan bat eta Europako Direktiba bat egin ditu, estatu kide guztietako ibilgailu eta azpiegiturei eragiten dieten garapen eta aplikazioek izan behar dituzten ezaugarriak zehazteko.

Araudiaren ikuspegitik, betebehar tekniko nagusia elkarreragingarritasuna da. Trafiko kudeaketa hobetze aldera enpresek garatzen dituzten sistemek edo administrazioek abiatzen dituztenak bateragarriak izatea eskatzen du horrek. Praktikan, estatua, hiria edo lurraldea lekualdatzeak, alde batera edo bestera, jasotako informazioari eta datuei edo gailuen eragingarritasunari jatorritik helmugaraino ez eragitea; edo, bestela esanda, bidaiarako gure azpiegiturak eta gure gailuak informazio eta datuak igorri, jaso eta interpretatzeko gai izatea hemen zein Oslon (eta alderantziz).

Mugikortasun berri horrek trafikoa, segurtasuna eta ingurumena hobetzen eta, finean, garraio jasangarriagoa lortzen lagunduko du, baina, era berean, negozio aukera berriak sortuko ditu gure enpresentzat. Batetik, trafiko sistema eta zerbitzu berri hauek garatuta sortzen direnak, eta bestetik, soluzio hauek egungo eta etorkizuneko azpiegituretan ezarrita ondorioztatzen direnak.

Jardunaldiak luze eta zabal aztertuko ditu bai araudia bai I+Gren garapenak eta horietatik eratorritako merkatu aukerak, eta horien abiapuntu dira Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Clusterrak araudiaren eta azpiegituren inguruan bultzatu eta ITC (Instituto de Transporte y Comercio) eta Ingartek enpresek garatutako ikerketak, Industria Ministerioko Enpresa Elkarte Berritzaileentzako programak (horren kide da Clusterra) finantzatuta.