Mugikortasunaren Foroak garraio elektrikoa aztertuko du Donostian urtarrilaren 29an

Actualizado: miércoles, 23 diciembre 2015 13:51

DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Mugikortasunaren Foroaren hirugarren edizioa egingo du urtarrilaren 29an Donostiako Kursaal jauregian, eta garraioaren eta hirigintzaren arloetako adituek hainbat hiritako ibilgailu elektrikoen bidezko mugikortasun esperientziak aztertuko dituzte.

   Garraio Plangintzako zuzendari Marko Boronatek adierazi du jardunaldian Tolosako eta Donostiako esperientziak aztertuko dituztela. "Bi hilean behin egiten diren bilera hauetan, mugikortasunarekin lotutako gaiak jorratzen dituzte bi orduz. Donostiako saioan lehen mailako enpresek hartuko dute parte, CAFek, Irizarrek eta Oronak, eta mugikortasun elektrikoaren gaineko esperientzien eta produktuen berri emango dute", esan du.

   Saio hau, gainera, eragile profesionalei eta adituei ez ezik, herritarrei ere ireki zaiela azaldu du Boronatek; Donostiako Udaleko ordezkaria Pilar Arana zinegotzia izango da.

   Azaroan Gasteizen egin zuten Mugikortasunaren Foroan webguneek mugikortasunari ematen dioten balioa eta sektore turistiko zein kulturalarekin duten harremana landu zituzten. Garraioaren, kulturaren eta turismoaren kudeaketako sektoreko ehun profesional inguruk hartu zuten parte.

   Horren aurretik, irailean, Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astearekin bat etorriz, Mugikortasunaren Foroaren lehen edizioa egin zuten, eta Euskadiko udaletako, aldundietako, Jaurlaritzako, klusterretako eta garraio publiko eta pribatuko enpresetako ordezkariek eta agintariek mugikortasunarekin lotutako jarduerak eta ideiak landu zituzten.

   "Foroaren helburua Euskadiko herrien eta hirien mugikortasuna hobetzea da, ezagutza partekatuz eta balizko neurriak adostuz", adierazi du Boronatek.