Mungiako Soietxeko kuartel militarraren aurkako martxa izango da larunbatean

Bilboko Arenalean egindako ekintza
KEM-MOC
Actualizado: jueves, 5 noviembre 2015 13:34

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

   Butroi Bizirik Trantsizioan, Ekologistak Martxan, Kakitzat eta Bilboko Talde Antimilitarista (KEM-MOC) elkarteek deialdi berezia egin dute Mungiako (Bizkai) Soietxeko kuartel militarraren aurkako martxan parte hartzeko larunbatean, azaroaren 7an. Aurten 26. aldia da protesta hau egiten dena, agerraldian adierazi dutenez.

   Prentsaurrekoarekin batera, talde horietako ekintzailed batzuk, militarrez jantzita, "maniobretan" aritu dira Bilboko Areatzan, "tankeak gidatuz, zibilen kontrako jaurtiketa praktikak eginez, eta biztanleak 'check point' delako batekin kontrolatuz", musika miitarra entzuten zen bitartean.

   "Zorakeria militarraren aurkako" martxa deitu duten taldeek "Bota kuartelie eta erein porrue" lelo klasikoaren esanahia azaldu dute. "Porruak osasungarriagoak dira, eta bonbak eta balak baino hobeto dijeritu ahal dira", esan du ekintzaile batek. "Horregatik guztiagatik, Soietxeko kuartel militarraren aurrean porruak landatuko ditugu", gaineratu du.

   Krisiak militarismoan ez duela eraginik salatu dute, eta, hala ere, "gaur egun milioika lanposturen galera, pobreziaren hazkundea eta orain arte ezagutu ez den moduko bazterketa soziala" ari dela eragiten, "espekulazio finantzieroak ekarri duen krisialdiagatik". "Eta egoera hori eskubideak eta lorpen sozialak murriztu eta gizarte arloko diru sailak txikitzeko aprobetxatzen dute estatuek. Gastu militarretan, ostera, ez da murrizketarik nabaritzen, lehengo mailari eutsi edo erdi ezkutuan gora egin duten gastuak baitira", azaldu dute.

   Horrela, larunbateko martxaren bidez, Espainiako Gobernuak militarizazioaren alde duen apustuari uko egin nahi diote. "Are gehiago desberdintasuna handiagotzen duten murrizketen testuinguru honetan. Bide horretatik, populazioaren geroa bazterketa sozial eta pobrezia baino ez da", ziurtatu dute.