Musika koral garaikidea protagonista asteazkenean Bilboko Arriagako Gelatxoan

Fone ganbera abesbatza
Foto: ARRIAGA ANTZOKIA
Actualizado: martes, 28 febrero 2012 12:51

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Arriaga Antzokiko Gelatxoak musika koralen zikloarekin jarraitzen du eta asteazken honetan, otsailaren 29an, "Musika koral garaikidea XIX. mendearen bigarren erditik XX. mendera" izenburuko kontzertua antolatu du, Fone ganbera abesbatzarekin eta Gorka Sierra zuzendariarekin. Emanaldia 20:00etan hasiko da eta, ohi bezala, Arriagako Foyerean izango da.

   Arriaga Antzikiko arduradunek azaldu dutenez, XIX. eta XX. mendeetako musika koralaren bilakaeran egindako ibilbide honen asmoa da konpositore garaikide nagusi batzuen koru-lanak erakustea, bereziki aldi horretako musika frantsesan oinarrituz.

   Lan desberdinek, eliz musikatik genero herrikoian oinarritutako abestiraino, hainbat estilo eta konposizio eskaintzen dituzte. Horrela, sentimenduen bidez, hala nola gogoeta, poza edo nostalgiaren bidez, bidaia egiteko aukera ematen dute.

   Modu honetan, asteazkeneko saioan, Sergei Rachmaninov, Pau Casals, Morten Lauridsen, John Rutter, Claude Debussy, Maurice Ravel, Francis Poulenc, Benjamin Britten eta Eric Whitacre konpositoreen piezak entzun ahal izango dira Fone ganbera abesbatzaren ahotsetan eta Gorka Sierraren zuzendaritzapean.

   Sarreraren prezioa 10 euro da, eta Arriagaren Adiskideentzat, 65 urtetik gorakoentzat, 30 urte arteko gazteentzat, langabeentzat eta 20 lagun edo gehiago taldeentzat 7 euro. Arriaga Antzokiko leihatiletan, 944 310 310 telefonoan, www.teatroarriaga.com webgunean eta BBK zerbitzu anitzeko kutxazainetan eskura daitezke.