Musikalite Brass Quintet taldea ariko da gaur Bilboko Udal Musika Eskolaren Interprete Gazteen Zikloan

Actualizado: viernes, 18 febrero 2011 11:06

BILBO, 18 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udal Musika Eskolak eta Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak antolatzen duten Interprete Gazteen Zikloak Musikalite Brass Quintet taldearen kontzertua eskainiko du gaur arratsaldean. Tronpeta, tronpa, tronboi eta tubaz interpretatutako kontzertua La Galerako auditoriumean izango da, 19:30etan, doako sarrerarekin, antolatzaileek adierazi dutenez.

Marcos Garcia eta Manuel Davila (tronpetak), Mario Fuertes (tronpa), Patxi Eseverri, (tronboia) eta Cristian Perez (tuba) musikariek osatzen duten taldea 2008an Musikenen sortu zen, Alberto Urretxo Ganbera Musikako irakaslearen klaseetan, eta egun, berarekin jarraitzen dute oraindik beren prestakuntza.

Errepertorioan, Bach edo Haendel klasikoen eta Juan Jose Colomer edo Salvador Brotons garaikideen obrak eskainiko dituzte, metal boskote baten interpretaziorako gaitasun zabala agerian utziz. Boskotea, Valeriano Machi Esparza Haize-metaleko Espainiako Lehiaketa Nazionaleko azken edizioko irabazlea da.

Emanaldia bi ataletan banatuko da. Lehenean, XVIII., XIX. eta XX. mendeetako metal boskotearentzat diren hiru obra adierazgarri eskainiko dituzte: Johann Sebastian Bach-en "Ihesaren artea" obrako "Contrapunctus" bat, Victor Ewald-en lau boskotetako bat eta Salvador Brotons konpositore katalanaren "Lluita, lament i triomf".

Bigarren atala XX. mendeko musikan oinarrituko da: Witold Lutoslawski poloniarraren "Mini-ouverture"; Juan Jose Colomerren "Los cinco mosqueteros" obrako lau mugimendu eta Hego Amerikako zenbait erritmo eta dantza ezagun biltzen dituen suite bat interpretatuko dituzte.

Interprete Gazteen Zikloak otsailaren 22an jarraituko du, Jeux D'Anches bikote serbiarra osatzen duten Nikola Kerkez eta Marko Sevarlic soinu-jotzaileekin. Manuel de Fallaren "Serenata andaluza" eta Astor Piazzola-ren "Verano porteño" obrak interpretatuko dituzte, besteak beste. Azkenik, hilaren 25ean, Trio Aurorak (biolina, biola eta txeloa) errepertorio klasiko bat interpretatuko du, Beethoven-en "Harizko hirukotea" piezatik abiatuz.