Muskizen eta Santurtzin (Bizkaia) egindako hainbat lapurretaren egilearen bila ari da Ertzaintza

Ertzaintzak herritarren laguntza eskatu du ustezko lapurra identifkatzeko
ERTZAINTZA
Actualizado: viernes, 8 abril 2011 15:54

BILBO, 8 Abr. (EUROPA PRESS) -

Martxoko azken hamabostaldian Santurtzi eta Muskiz udalerri bizkaitarretan hiru lapurreta egin zituen pertsona aurkitu eta atxilotzeko Ertzaintzak abiatutako ikerketa batek zabalik dirau, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko iturriek jakinarazi dutenez.

Lapurretak Santurtziko gasolindegi batean eta farmazia batean eta Muskizko banketxe batean izan ziren; kasu batzuetan, egileak pistola bat erabili zuen. Ustezko lapurra lokal horietako segurtasuneko kameren irudietan azaltzen da eta Ertzaintzak herritarren laguntza eskatu du bere identifikazio-lanak errazte aldera.

Lehenengo lapurreta martxoaren 19an izan zen Santurtziko El Arbol gasolindegian. Ustezko egileak, aurpegia zapi batekin estalita zeramala, bertako langilea zen emakumezko batengana hurbildu eta kutxa gotorrean zegoen dirua ematera behartu zuen labana batekin mehatxatuz.

Lau egun beranduago, gizonezko berberak antzeko lapurreta bat burutu zuen Santurtziko farmazia batean. Kasu honetan ere, lapurrak farmazian lanean zegoen emakumezkoari labana batekin mehatxu egin zion kutxa gotorra indarrez ireki eta barruan zegoen dirua hartuta alde egin aurretik.

Ustezko egileak martxoaren 29an egin zuen leporatzen dioten azken lapurreta; orduan, Muskizko banketxe batean izan zen. Lapurra langileengana (guztiak emakumezkoak) hurbildu zen eta pistola batekin mehatxu egin ostean, orduan bildu zezaketen diru guztia ematera behartu zituen.

Hiru kasuetan lokaletako segurtasuneko kamerek hartutako irudiei esker egiaztatu ahal izan da egilea gizonezko bera izan zela. 55 urte inguru dituen gizonezko bat da ustezko lapurra, erdi mailako gorpuzkera, 1,70 metro inguruko altuera, beltzarana, kanaduna eta burusoiltasun nabarmena du eta arazoren bat du hitz egiterako orduan. Urrezkoa edo urre kolorekoa den esfera karratuko erloju bat darama eta baita urrezko zigilu-eraztun bat ere.

Ustezko lapurra identifikatzeko ikerketarekin jarraitzen du Ertzaintzak eta herritarren laguntza eskatu du lan horiek errazte aldera. Horrela, informazioren bat eman dezakeen edonork Muskizko ertzain-etxeko 94 670 80 35 telefonora (ikerketa sailekoa) deitu dezake.