Nafarroako Gobernu berriari hizkuntza politikan "erroko aldaketa" behar dela esan dio Kontseiluak

Nafarroako Gobernu berriaz aritu da Kontseilua
Foto: KONTSEILUA
Actualizado: martes, 16 junio 2015 17:26

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Nafarroako Gobernua osatzeko lanetan ari direnean, Kontseiluak gobernua osatuko duten alderdiei hizkuntza politikaren inguruan mezua luzatu die, eta hizkuntza politikan "erroko aldaketa" behar dela azpimarratu du.

   Iruñean egindako agerraldian, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak apirilaren 25ean Anaitasunako ekitaldian proposatutakoa gogorarazi du. Orduan aurkeztutako dokumentuan hurrengo legealdian hizkuntza politikan jarraitu beharreko bidea jasotzen da.

   Gobernuaren aldaketa "herritarrei esker" izan dela posible esan du Bilbaok agerraldia hasteko. "Herritarrok motibazio desberdinak izan ditugu aldaketa eskatzeko garaian eta horien artean euskararen inguruko kezka bereziki indartsua izan da aldaketa eragiteko unean", adierazi du.

   Aldaketaren nahia handia behin baina gehiagotan agerian geratu dela esan du Kontseiluko idazkari nagusiak. "Aldaketa nahi horren adibiderik garrantzitsuena Kontseiluaren eskutik euskaltzaleok Anaitasunan egin genuen ekitaldia da -gogorarazi du-. Garrantzitsuena bai baina ez bakarra, 2010ean Kontseiluaren eskutik hori ere inoizko manifestaziorik handiena egin zen euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuz eta herritarren nahia azaleratuz".

   Herritarren nahiari jarraituz, Bilbaok esan du hizkuntza politikan "egiturazko aldaketak" egin behar direla esan daitekeela, eta Nafarroako Gobernu berriak "hizkuntza politika berri bat" jarri behar duela abian" azpimarratu du.

LAU BIDE

   Anaitasunan adierazi bezala, Kontseiluaren ustez, egiturazko lau bidek definitu behar dute hizkuntza politika berria. Lehenik eta behin, "Vascuencearen Legetik Euskararen Legera jauzi" egin behar da. "Euskararen normalizazioa eragozteko helburua izan duen erregimenaren arkitektura juridikoa errotik aldatu beharra dago eta araugintza berria indarrean jarri", gaineratu du.

   Bigarren bidea plangintzei dagokiena da. Ildo horretan, plangintzen aroari hasiera eman behar zaiola esan du idazkari nagusiak, hala alor publikoan nola pribatuan. "Hizkuntza politika planifikatua egin behar du Gobernu berriak helburuak eta epe zehatzak ezarriz", esan du.

   Horrekin batera, bere iritziz, "bitarteko egokiak" esleitu behar dira hizkuntza politika egoki garatzeko, "baliabide administratiboak, ekonomikoak eta giza baliabideak ere". "Azkenik, erregimenak eraiki dituen diskurtso eta ideia zitalak desegiteko lan intentsua egin behar du gobernu berriak", adierazi du.

   Hori guztia egoki lantzeko "konplizitatea da bidea" Kontseiluaren ustez. "Euskara normalizatzea zeregin politikoa eta soziala da aldi berean eta egoki lan egiteko beharrezko zubiak eraiki behar dira. Kontseilua prest dago lan horri ekiteko", gaineratu du idazkari nagusiak.

   Anaitasunaren testuinguruan aldaketa politikoa aldarrikatzen zuten alderdi nagusiekin bildu zen Kontseilua. "Bilera horietan dokumentu bat eskaini genien hizkuntza politikak Nafarroan lehen legealdian ibili beharreko bidea marrazten duena. Gogora ekarri nahi dugu dokumentu hori, izan ere, Kontseiluak horren baitan baloratuko baitu Gobernu berriaren ibilbidea", esan du Bilbaok.