"Nahi dudalako" kanpainak ikasketak euskaraz jarraitzera animatzen ditu Getxoko DBHko ikasleak

Publicado: lunes, 12 marzo 2018 14:51

BILBO, 12 Mar. (EUROPA PRESS) -

DBHko ikasketak amaitutakoan ikasleek euskaraz egiten jarraitzea da Getxoko Udalak, Alkarbide, Bizkaiko Foru Aldundia eta EUDELekin batera, abian jarritako 'Nahi dudalako' Udalak ezagutarazi duen lelopeko kanpainaren helburua. Horren barruan udalerriko DBHko hirugarren eta laugarren mailetako 1.355 familiek horren berri ematen duen Imanol Landa Alkatearen eskutitza jasoko dute eta informazio esku-orria ere gazteentzat. Horietan jakinarazten zaie nahidudalako.eus webgunea eratu dela, "gazteei etorkizunean hartu beharreko erabakia errazteko", bertan Bizkaian dagoen hezkuntza eskaintzaren berri baitago.

"Asmoa da ikasleei ikasketak euskaraz egiten jarraitzearen garrantzia nabarmentzea, lan merkatuko erronkei aurre egiteko euskara ezinbesteko tresna delako gaur egun. Elebiduna izatea abantaila garrantzitsua da, lana bilatzeko zein lan harreman sareak sendotzeko. Ez hori bakarrik, euskarak berezi egiten gaitu eta gure kulturaz gozatzeko aukera ematen digu", nabarmendu du Koldo Iturbek, Euskara zinegotziak.

Aipatutako webgunean, era errezean, Bizkaian euskaraz eskaintzen diren Batxilergo zein Lanbide Heziketako ikasketak ikus daitezke, baita unibertsitateko euskarazko ikasketak ere. Sari batzuen zozketan parte hartzeko aukera ere eskaintzen die webguneak gazteei. Kanpaina honetan, Getxo ez ezik, Bizkaiko beste 16 Udalek eta bi mankomunitatek hartuko dute parte.