Nanomedikuntzako Teknologiaren Europako Plataformak Donostian egingo du 2014ko biltzar orokorra

Actualizado: jueves, 2 octubre 2014 12:12
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 2 (EUROPA PRESS)

   Nanomedikuntzako Teknologiaren Europako Plataformak (ETPN) Donostian egingo ditu urteko ekitaldia eta 2014ko batzar orokorra, urriaren 15ean eta 16an, nanoBasque agentziak (SPRI) eta Nanozientziako Ikerketa Kooperatiboko CIC nanoGUNE zentroak antolatuta.

   Nanomedikuntzak Europan dituen hurrengo lehentasunak izango dira bilkuraren gai nagusia, alegia, 2020ra arte eta hortik aurrera nanomedikuntzako ikerketak eta berrikuntzak zer lehentasun izango dituzten zehaztea, Ikerketako eta Berrikuntzako Agenda Estrategikoa (SRIA) oinarritzat harturik. Europako osoko nanomedikuntzaren alorreko ekitaldirik nagusienetakoa izango da urteroko ekitaldia, lehentasunen aurkezpena dela eta.

   Antolakuntzak adierazi duenez, ETPN plataformak "funtsezkoa" du SRIA, nanomedikuntzaren etorkizuneko garapenari buruzko bere ikuspegia deskribatzen baitu, batetik, eta Europako Batzordeari, EBko estatuei eta haien finantziazio erakundeei proiektuen deialdietarako proposatu behar zaizkien ikerketa lehentasunak zehazten baititu bestetik.

   ETPNko presidente den Patrick Boisseauk dioenez, "ETPNren agiri estrategiko nagusien hirugarren eguneratzea da SRIA hau, eta pauso bat haratago joan da oraingoan, bete gabeko premia klinikoak eta medikoak islatzen baititu eta, bide batez, berrikuntza eta translazio kontzeptuak bereganatzen".

   Bestalde, batasun foro bat eskainiko du ETPNk, lehenbiziko aldiz, nanomedikuntzako plataforma nazional nagusiek beren jarduerak aurkeztu eta lankidetzarako eta sinergiak eratzeko aukerak azter ditzaten, Europan eta Europatik kanpo ere komunitate federatu bat osatzeko bidean.

   Azkenik, euskal eragileak ere izango dira 2014ko ETPN ekitaldian. Horrela, CIC nanoGUNE eta nanoBasque agentzia (SPRI) izango dira ekitaldiko euskal ordezkariak (antolatzaileak dira, izan ere), bai eta Midatech Biogune eta Praxis Pharmaceutical euskal enpresak ere. CIC biomaGUNEn, Tecnalian, IK4-CIDETECen eta CIC nanoGUNEn egingo dira tokiko nanomedikuntza zentroetarako bisitak.