Nanoteknologiari buruzko hitzaldi ziklo bat hasiko da asteazken honetan EHUko Leioako campusean

Actualizado: martes, 25 febrero 2014 16:27
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

   "Nanoteknologia: txikiaren erronka handia" hitzaldi zikloa hasiko da asteazken honetan, otsailaren 26an, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultatean, Leioan (Bizkai), Issa Katim Kimika Fisikako katedradun eta EHUko irakasle emerituak eskainiko duen "El tamaño sí importa..." izenburuko hitzaldiarekin. Mintzaldia 12:00etan hasiko da eta sarrera librea izango da, EHUk jakinarazi duenez.

   Hitzaldi zikloak bigarren edizio egiten du aurten, eta nanoteknologiaren gaurkotasunarekin zerikusia duten dibulgaziozko bederatzi hitzaldik osatuko dute. Oinarri zientifiko bat duen edozein pertsonari zuzenduta dago zikloa, oinarri oso espezializatua ez izan arren.

   Fisika Aplikatua II Saileko irakaslea eta zikloaren antolatzailea den Jose Javier Saiz Garitaonandiak adierazi duenez, "ekimen honekin nanoteknologien oinarrizko ezaugarriak eta XX. mendean zientziaren eta teknikaren garapenarekin horiek duten erlazioa eman nahi ditugu ezagutzera. Era berean, nanoteknologiak bere aplikazioen eremu desberdinetan gaur egun dituen erronkak ere aztertuko ditugu".

   Hitzaldien bitartez, nanozientzia eta nanoteknologiari dagokienez unibertsitateetan, zentro teknologikoetan eta euskal enpresetan egiten dena ere ezagutu ahal izango da. Zikloan, diziplinarteko ikuspuntu batetik aztertuko da nanozientzia.

   Lehen hitzaldian, Issa Katimek nanopartikula adimendunen funtzionamenduan tamainak duen garrantzia azalduko du. Troiako zaldiaren estrategia ezaguna erabiliaz, zelula kantzerigenoen biodefentsak engainatzea posible dela erakutsiko du, horietan era selektiboan sartuz eta suntsituz, botika antikantzerigenoen zeharkako efektuen arrisku minimoarekin. Katimek zehaztasunez azalduko du nanopartikula hauen sintesia eta funtzionamendua eta, behin bete behar zuten helburua beteta, nola eliminatzen den giza organismotik.

   Issa Katime Kimika Fisikako katedraduna, EHUko irakasle emeritua eta Material Berrien eta Espektroskopia Supramolekularreko Ikerketa Taldeko zuzendaria da. Bere ezagutza eremua material polimeroena da eta, arlo honetan burutu dituen ikerketen ondorioz, lan-lerro bat ireki du, ur zikinak arazteko pisu molekular handidun polimeroak eta gaur egun botika bat edo gehiago garraiatzeko erabiltzen diren tamaina nanometrikodun molekulak sintetizatzea ahalbidetzen duena.

   Katimeren hitzaldiaren ondoren, martxoan (hiru hitzaldi), apirilean (hiru) eta maiatzean (bi) ere izango dira mintzaldiak, "Nanoteknologia: txikiaren erronka handia" zikloaren baitan.