NASAk ur gaziaren zantzuak aurkitu ditu Marten

Actualizado: lunes, 28 septiembre 2015 17:57

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

   NASA erakundeak ur gaziaren zantzuak aurkitu ditu Marten, eta likido horrek, planetaren urtaro beroenetan kraterren magaletan izaten diren lorratz linealak deritzotenak sortu dituela baieztatu du.

   Aurkikuntza 'Nature Geoscience' aldizkariak argitaratu du eta Jim Green NASAko zientzia plantearioaren zuzendariak prentsaurrekoan jakinarazi du. NASAren MRO orbitadorearen bidez egindako behaketetan izan da aurkikuntza.

   MROk jarraipena egin die lorratz linealei urtetan zehar, eta, lorratzok sortu diren lau toki ezberdinetan, "gatz hidratatuen" arrastoak identifikatu ditu. Modu honetan, zientzialariek baieztatu dute "ur gaziaren jarduerak" eragin dituela lorratz horiek.

   Adituek azaldu dute oraindik ez dakitela lorratz linealak sortzen dituen ura nondik datorren, eta, are gehiago, harrituta daude, lorratz horien ingurua oso lehorra delako.

   Horrela, adituek zenbait aukera dituzte esku artean, hala nola ura Marteko lurrazpiko geruzetan sortu eta azalerara irten izana izotzak eta planetako uda garaiak bat egitean, teoria hori bertan behera uzten duten datuak dauden arren.

   Halaber, beste aukera bat da planetaren atmosferak kanporatzen duen ur lurrunak ura sortu izana. Halere, kasu honetan ere ez dago argi Martek urtero ur lurrun nahikorik kanporatu dezakeenik lorratz linealak sortu ahal izateko. Akuifero bat egotea ere ez da baztertu.